«Urtero ondoko urteko bestak ailegatzeko desiotan egoten ginen»

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 23a, 12:44

Urdazubiko Patxiku Bengotxea.

Patxiku BENGOTXEA, Urdazubiarra

Urdazubiko Amutxekobordan sortu zen Patxi eta bertan bizi izan zen 30 urtez, Elizondora bizitzera joan zen arte. Gaztaroko oroitzapenek lotzen dute herrira eta egun bestetara egun bakarrean joaten den arren, «bezperan bazkaltzera joaten naiz» badu zer kontatua garai bateko besten inguruan. 

 

 

Beraiek izan ziren erdi hilik zeuden bestak berpiztea lortu zutenak. Horretarako sekretua elkarlana eta ilusioa izan ziren bere ustez: «gogo handiarekin antolatzea eta herriaren laguntza osoa izatea izan zen bestak berpizteko gakoa. Horretaz gain, ikuskizun aunitz ekartzen ziren: dantzariak, Hossegor-eko zankoak… jendea hauek ikustera etortzen zen».

 

Lana eta dibertsioa

Bestetan lana eta dibertsioa uztartzen zituen «bestak antolatzen, egunero lanean eta bestan ere ibiltzen ginen». Eta denetarik egin behar izaten zuten arren, «urtero ondoko urtea ailegatzeko desiotan egoten ginen».  Ez zuten aunitzik eskatzen: «denbora onak laguntzea, ez zegoelako lehorrik plazan». Baina ez pentsa euria oztopoa izaten zenik ere «euri aunitz egiten zuelarik Karreterora pasatzen genuen arratsaldetako dantzaldia!».

Antolakuntza lanetan, «primeran» moldatzen ziren «nahiz eta ni izan arduradun nagusia, herri guziak laguntzen zuen, batez ere Karreteroko Patxi eta Milagrosek». Bestarako dirua berriz, «ahal zen bezala» lortzen zuten: «zozketa, zikiroa, gazteen kuotak eta ikuskizunak zirelarik ere zerbait biltzen zen boneta pasatuz».

Baina, kontuak noizbait ez omen zitzaizkien oso ongi atera, «urte batez erran ziguten zikiro erretzera etorriko zirela urririk afari baten aldera. Guri iruditu zitzaigun hori merke zela baina jatetxeak kontua pasatu zigutelarik, lau afariren kontua, bi egunetako orkestraren saria baino gehiago izan zen».

 

Garai batekoak eta oraingoak

Gaur egungo bestei begira jarrita dio gazteak garai batekoak baino gautxoriagoak direla «besta bizitzeko modua berdintsua da baina orain gaua gehiago baliatzen dute. Guk arratsaldez egiten genuen besta, gauez gutxiago».  Bestan, orain ere, «umore ona» izaten dela nagusi iruditzen zaio «baina dantzan aritzeko ohitura, ez da gure denboretan bezalakoa». Berak gauak orain «lotarako» baliatzen dituenez, ez du sobera ezagutzen bertako giroa baina egunez ibiltzen denetan jendea garai batean «gogotsuago» nabari zuela dio: «orain jendeak urte guztian badu besta egiteko manera, ez da gure denboran bezala». Orain bestetara egun bakarrean etortzen den arren, garai batean egun guztiak bizi zituen eta aipatu duenez, igandea zen egunik bereziena «egun horretan antolatzen zen sokatira jaialdia. Amaiurko taldea Sararen aurka aritzen zen. Beraien artean pike handia izaten zuten.  Gainera hondarreko eguna izatearekin gero besta egiten genuen denok». Gaztetako kontuak nolako ilusioarekin aipatzen dituen ikusita, nork daki, bestarako grina berpiztu eta agian berriro ere bestan hasiko da...

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun