Herriko bestetan ausarki lan egin beharra izaten duenez, ez du nahi adina gozatzeko aukerarik izaten: «lehen besta pixka bat egiten ere saiatzen nintzen baina orain gorputzak ez dit segitzen. Besta eta lana, gehiegi izaten da...». Edozein moduz, lanean egonik ere, egun bereziak izaten direla gaineratu du: «ongi pasatzen da, umore ona kutsatzen baita».
Musikarien afaria
Plazako musika zuzenean aditzeko modurik izaten ez duen arren, musikarien bisita izaten dute ostatuan, bertan egiten baitute musikarien afaria. Urtetan mantendu izan duten ohitura da eta bertatik igaro diren musika-talde guztiekin «tratu ona» izan dutela azaldu du «normalean jende jatorra izaten da». Tartean izan dituzte, lagun bihurtu diren bisitariak ere: «garai batean egun guzietan talde bera izaten zen, lo ere bertan egiten zuten eta nire gurasoekin harreman berezia izaten zuten». Musikarien eta ostatuaren arteko lotura hain zen estua, bitxikeriaren bat ere gertatu zitzaiola Mirenen aitari: «Egan taldearekin batera aita kuartelera eraman omen zuten Guardia Zibilek gustuko ez zuten abesti bat kantatu zutelako».
«Gogo betez»
Urdazubiko bestek data aldakorra dute: goizago batzuetan, beranduago besteetan... baina «berdin hartzen dira, gogo betez!». Jendea ere gogotsu izaten dela uste du: «batez ere denbora ona egiten badu». Mirenek bestetako egun guztiak ditu gustuko: «denek zerbait berezia dute, baina bat hautatzekotan larunbata erranen nuke, giro ederra izaten delako egun guztian». Eta eguneko eta gaueko giroaren artean, egunekoa nahiago du: «jendea lasaiago ibiltzen delako».
Plazako otorduak
Urdazubiko bestetako bereizgarria «plazako otorduak» direla dio zalantzarik gabe eta zerrenda luzea aipatu du «bezperako afaria, Salbatore eguneko meza ondoko aperitifa, paella-jana, zikiroa, igandean pintxoak...». Eta guztietan giro «aski ona» izaten dela nabarmendu du.
Egitarauan bada Mirenen familiarekin lotura duen beste berezitasun bat ere haurren egunean banatzen den txokolate beroa. Baina argi dio: «hori amaren meritua da, sekretua berak du!». Ea denborarekin amak sekretua kontatu eta ohitura horri ere Mirenek luzaroan segida ematen dion.