«Barraren gibeleko aldetik denetarik ikusteko aukera izaten da»

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 23a, 12:44

Miren Sansiñena, Urdazubiko gaztea.

Miren SANSIÑENA, Urdazubiko gaztea: 

Gurasoen ofizioari segida emateko erabakia hartu zuen duela urte batzuk Mirenek eta geroztik, Indianoa baita ostatuko jabea da: «gurasoek erretiroa hartuta, ostatua hetsiko zen bertzenaz.  Pena ematen zidan katea hausteak, ostatuarekin nire birraitatxi eta birramatxi hasiak ziren eta». Ez zen beretzat lanbide berria, «gaztetatik gurasoei laguntzen aritu izan naiz eta». Urte hauetan guztietan «tabernako barraren gibeleko aldetik denetarik ikusteko aukera» izan duela ere gaineratu du «kontatu litezkeenak batzuk eta isilean gorde beharrekoak bertzeak».

 

 

Herriko bestetan ausarki lan egin beharra izaten duenez, ez du nahi adina gozatzeko aukerarik izaten: «lehen besta pixka bat  egiten ere saiatzen nintzen baina orain gorputzak ez dit segitzen. Besta eta lana, gehiegi izaten da...».  Edozein moduz, lanean egonik ere, egun bereziak izaten direla gaineratu du: «ongi pasatzen da, umore ona kutsatzen baita».

 

Musikarien afaria

Plazako musika zuzenean aditzeko modurik izaten ez duen arren, musikarien bisita izaten dute ostatuan, bertan egiten baitute musikarien afaria. Urtetan  mantendu izan duten ohitura da eta bertatik igaro diren musika-talde guztiekin «tratu ona» izan dutela azaldu du «normalean jende jatorra izaten da». Tartean izan dituzte, lagun bihurtu diren bisitariak ere: «garai batean egun guzietan talde bera izaten zen, lo ere bertan egiten zuten eta nire gurasoekin harreman berezia izaten zuten». Musikarien eta ostatuaren arteko lotura hain zen estua, bitxikeriaren bat ere gertatu zitzaiola Mirenen aitari: «Egan taldearekin batera aita kuartelera eraman omen zuten Guardia Zibilek gustuko ez zuten abesti bat kantatu zutelako».

 

«Gogo betez»

Urdazubiko bestek data aldakorra dute: goizago batzuetan, beranduago besteetan... baina «berdin hartzen dira, gogo betez!». Jendea ere gogotsu izaten dela uste du: «batez ere denbora ona egiten badu». Mirenek bestetako egun guztiak ditu gustuko: «denek zerbait berezia dute, baina bat hautatzekotan larunbata erranen nuke, giro ederra izaten delako egun guztian». Eta eguneko eta gaueko giroaren artean, egunekoa nahiago du: «jendea lasaiago ibiltzen delako».

 

Plazako otorduak

Urdazubiko bestetako bereizgarria «plazako otorduak» direla dio zalantzarik gabe eta zerrenda luzea aipatu du «bezperako afaria, Salbatore eguneko meza ondoko aperitifa, paella-jana, zikiroa, igandean pintxoak...». Eta guztietan giro «aski ona» izaten dela nabarmendu du. 

Egitarauan bada Mirenen familiarekin lotura duen beste berezitasun bat ere haurren egunean banatzen den txokolate beroa. Baina argi dio: «hori amaren meritua da, sekretua berak du!». Ea denborarekin amak sekretua kontatu eta ohitura horri ere Mirenek luzaroan segida ematen dion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun