GOGOA ETA EUFORIA
Bestak ailegatzean ere lanak ez du etenik izanen, «dena ongi ateratzen dela bermatu beharko da eta zerbait gertatuz gero arduradun gisara agertu». Edozein moduz, bestarako beti ateratzen dela denbora dio «lagunek bestazalea naizela erraten dute eta egia izanen da!». Horregatik, bestak goizago edo beranduago izan, «beti gogoz» hartzen ditu, «herriko bestak baitira». Gainera, bere ustez nabari da udako lehenbiziko bestak direla «gogoak eta euforia lehenengo egunetik nabaritzen dira eta beharbada horrek egiten ditu Urdazubiko bestak hain berezi».
Iruñean ari da ikasten eta egun seinalatu hauek ailegatzean, «herrian ahalik eta gehien» egoten saiatzen da. Burutan du dagoeneko egunez eguneko agenda: «asteazkenean txupinazotik hasi eta herri afarira arte ospatzen dugu besten hasiera. Egun honetan goizik erretiratu eta biharamunean meza nagusi ondoko aperitifako pintxoak egitera joaten naiz. Gero lana bukatu ondotik, aldatu eta berriro herrira jausten naiz paella prestatzen laguntzeko. Paelladan besta pixka bat egin eta ortziralean berriro ere lanera bueltatzen naiz. Egun honetan ere, lana akitu ondotik herrira jausten naiz. Larunbatean goizean herrira jautsi eta zikiroko gauzak prestatzen hasten gara gero besta egiteko. Gaueko xingar-jatean ere laguntzen dut eta gero gauean gorputzak iraun artean besta egiten dut. Igandean, azken egunean, lana egin ondotik herrira jautsi eta bestei amaiera on bat ematen diet».
EGUNIK BEREZIENA
Egun bakoitzak bere xarma duen arren, ortzeguna da beretzat bereziena: «egun handia da eta herritarrek beti bereziki bizi izan dugu. Paelladan herriko gehienak biltzen gara normalean eta hori ere polita da; haur zein zaharrago denak elkarrekin egoten baikara». Egitaraua osatzeko orduan ere kontuan izaten dute denendako moduko bestak izatea «herriko gazteek etortzen den orok ongi pasatzeko lan egiten dugu eta elkartasun horrek sortzen duen giroa paregabea da!». Urtero berrikuntzaren bat sartzeko ahalegina ere egiten dute: «aurten, batzuk aipatzeko, ortziralean haurrentzat zirku tailerra izanen dugu eta gero zirku ikuskizuna. Igandean ere baditugu berrikuntzak, Bankako Menditarrak taldearen kantaldia adibidez. Kantu xaharrek beti izan dute lekua gure bestetan eta aurten inoiz baino gehiago izanen dute!».
Bukatzeko bestarako gonbidapena ere zabaldu du, «urdazubiar guztiei besta onak opa dizkiet eta inguruko herrietatik ere hurbil daitezela. Aupa Urdazubiko bestak!». Arantxa bertan izanen da lanean eta bestan, ongi pasatzeko ez du eta aunitzik behar «lagungiro ona eta musika pixka batekin nahikoa dut! Eguna goizaldean hasi eta ordu ttikietan akitzeko.