Leloaren eta lagunduko den xedearen arteko zubia egin zuen Maialen Etxemendi Herri Urratsen antolatzaileak: «Lehenik, lizeoko ikasleei lotua da. Ikasleak baxoa euskaraz pasatzeko borrokan ari dira aspalditik, eta azterketa euskaraz egitea ez da oraino haizu. Herri Urratsek bere egiten du lizeoko ikasleen aldarrikapena». Leloak dituen parentesiek, berriz, bere gibelean asmatu duten hitz jokoa salatzen dute. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz, hautetsiei dei zuzena egin diete aurten: «Aizu, h-rik gabe, hori hautetsiei zuzentzen diegu, mugi daitezen Euskal Elkargoan. Dei bat egiten da, eskumenetan anitz egin baitezakete euskararen alde».
Ospakizunaren harrera ekitaldian beren kezkak azaldu zituzten Seaskako arduradunek. Herri Urratsek milaka pertsona bildu arren, behar guztiak betetzen ez dituela ohartarazi dute. Proiektua babesteko eskatu zieten euskaltzale guztiei, eta inplikatzeko eskatu zioten Euskal Elkargoari. Elkargoko eta Jaurlaritzako ordezkariak bertan izan ziren.
Herri Urratsek zazpi herrialde irudikatu zituen Senpereko aintziraren inguruan eta egitarau zabala eskaini zuen, antolatzaileek adierazi zutenez, «belaunaldi guztiei zuzenduta». Eguraldiak ere lagundu zuen egun osoan. Ikastolen Elkarteak adierazi zuen aurten ere bete direla helburu nagusiak.