Sara Oinez mendi ibilaldia antolatu du Har Hitza elkarteak maiatzaren 7an

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 5a, 09:57

Har Hitza elkarteak antolatutako Sara Oinez ibilaldiaren profila.

Honetaz gain, eskola publikoko gurasoek pastizak salduko dituzte eta errebote partida jokatuko dute Donibane Lohitzune eta Zubietako taldeek igerilekuko frontoian

Maiatzaren 7an ekitaldi frango izanen dira Saran. Hasteko Sara oinez mendi ibilaldia antolatu du Har Hitza elkarteak. Ibilaldiak 28 kilometroko luzera eta 1.460 metroko demaila izanen ditu.

 

Ibiltariak plazatik abiatuko dira Iturri ederretara igotzeko, gero Atekaleun, ondotik Lizuniagara jautsi, Lizarrietara upatu, eta bukatzeko Larrea deitutako lekutik pasatuz plazara itzuliko dira.

Izen-emateak egunean berean eginen dira goizeko 6etatik 7:15 arte, 10 euroko parte hartzea galdegina izanen da, abiatzeak 07:00 eta 07:30 artean eginen dira. Ibilaldian zehar jateko eta edatekoak banatuak izanen direla aipatu dute antolatzai­leek.

 

Pastiza saltzea eta errebotea

Igande goizeko 9etatik goiti, eskola publikoko gurasoek pastizak salduko dituzte plazan. 10:30ean igerilekuko frontoian errebote partida bat jokatuko dute Donibane Lohitzune eta Zubietako taldeek. Informazio gehiago jaso eta erreserbak egiteko Ipar Euskal Herriko Euskal Pilota Batzordearekin harremanetan sartu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun