Kobazuloen VIII. Eguna ospatuko du Lurpea elkarteak martxoaren 19an

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 17a, 11:02

Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko lezeak bisitatzeko aitzakia ematen du igandeko Kobazuloen Egunak.

Lurpea taldearen ekimenez, Kobazuloen VIII. Eguneko ospakizunek bisita berezi, erakustaldi eta deskontuak izanen dituzte igandean

Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak, Pozalaguako kobak, Sarako Leizeak, Sorginen Kobak (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari “seigarren kontinentea” deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz. 

 

Bertze ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa. Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormak oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez hitz egiten digute.

Martxoaren 19ko Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek ekintza desberdinak antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izango dute eta bisitariek La Bastide Clairence-n dagoen Argizagita etxea asteburu batez gozatzeko aukera eta kobazulo partehartzaile guztietan sartzeko bono baten zozketan parte hartuko dute.

 

Argazki lehiaketa Zugarramurdin eta bisita gidatua Urdazubin

Kobazuloen Eguna ospatzeko, argazki lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute Zugarramurdiko lezean, Itxusi argazkilari elkartearekin batera. Urdazubin, berriz, Kontrabandisten bidearen barna bisita gidatua eginen dute. 948 599241 telefonoan egin daiteke erreserba edo info@cuevasurdax.com helbide elektronikoan, Helduek 6 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 3 euro eta lezerako sarrera erdi prezioan izanen dute. Sarako lezeetan moldaketa lanak egin dituzte negu honetan eta itxura berria ikusteko aukera izanen da igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun