Frankismoaren salaketa eta terapia antzerkiaren bidez taularatuko dute abenduaren 3an Senperen

Ttipi-Ttapa 2016ko abenduaren 2a

Ander Lipus aktorea, antzezlanean.

Francoren bilobari gutuna antezlana eskainiko dute Larreko gelan larunbatean 20:30ean 

Erietxe bateko giro nahasian, medikuak eta eriak alde batetik bertzerat dabiltza zurrunbilo batean harrapatuak. Tartean daude Iñaki eta Joxean. Itxarongelan dagoen aldizkari batean Francoren biloba ageri da. Francoren bilobari gutuna antzezlana berriki estrenatu dute Artedrama, Dejabu Pan­pin Laborategia eta Le Petit Theatre de Pain konpainiek. Maiatza arte Euskal Herri osoan erakutsiko dute, abenduaren 3an, larunbatean 20:30ean Senperen Larreko gelan eta otsailaren 19an Iruritan.

 

Mota guztietako injustiziak eta jazarpenak aipatzen dituztela argitu du Ximun Fuchs taula zuzendariak. «Ez da iraganera begira dagoen antzerkia oraina aipatzen baitu».

 

Gogoetak gai minberaren inguruan

Antzerki berria sor­tzeko hainbat gogoeta egin dituzte, bertzeak bertze, nazismoak bere auzia izan zuela eta frankismoak ez. Ber­tzalde, Günther Anders filosofo judu alemania­rrak idatzitako gutunetan ere aurkitu dute inspirazioa. Deportazio eta esterminazio naziaren arduradun baten semeari galdetu zion neonazismoaren aurkako borrokan buru belarri sartzea. Gaiak hurbiletik ezagutzen ditu Fuchs­ek bere aitatxi bat judu-alemaniarra bai­tzen. Senide asko esterminazio esparruetan hil ziren Munduko Biga­rren Ge­rra garaian. Beste aita­txi euskalduna zen eta presodengirat eraman zuten euskaraz mintza­tzeagatik.

Frankismoaren kontrako auzi zintzorik ez dela sekulan gertatu azpimarratu du Ander Lipus aktoreak. «Gure herriak gainditu ez dituen mamuak dauzka oraindik, zauriak josi eta sendatzen laguntza eman behar da». Tobera bat balitz bezala terapia eskaini nahi dute irri eta negar egiteak oso sanoak dira eta, bere hitzetan. Euskararen aurkako erasoak ere taulen gainera eramatea erabaki dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun