Aranzadi elkarteari eskatutako ikerketaren ondorioz, joan den ekainean, Berroberria, Alkerdi eta Zelaieta inguruko lezeek unitate bakar bat osatzen dutela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuko Kultur Sailak, 1,5 kilometro luzerako galeriak kartografiatu ahal izan dituztela eta bertze aztarnen artean, paleolito garaiko labar grabatu eta margo berriak aurkitu dituztela. «Hori dena harrobiak desagerrarazitako Zelaieta II lezeko sarreraren azpian eta 2014ko leherketen ondorioz kaltetutako Zelaieta IIIko eremuan», salatu du SOS Alkerdik.
Lege guztiei «planto eginez» harrobiak lanean segitzen duela jakinarazi du SOS Alkerdik, «ondarea arrisku bizian jarriz», eta gaineratu du, «inork ez duela hondamendi hori ekiditeko pausorik eman». «Abuztuaren 25ean Zelaieta III sarreratik metro guttira potentzia handiko traktore bultzatzaile bat, erretrozulatzeko bertze makina bat eta konpresorea lanean ari ziren. Horrez gain, desagertutako Zelaieta IIren zabalgunean, harriak xehatzeko instalazioa jarraitzen du eta dumper kamio handia aparkatua zen».
Egoera honen aitzinean, «urdazubiarrak atsekabeturik» daudela dio plataformak: «gure instituzioen paralisia eta arduragabekeria ezin ulertuz». Horregatik, SOS Alkerdik «harrobia urgenteki geldiarazteko» eskatu die Nafarroako Gobernuko Kultura, Industria eta Ingurumen Sailari eta Urdazubiko Udalari. Gisa berean, Nafarroako Parlamentuko talde guztiei, Parlamentuko lehendakariari eta Nafarroako presidenteari bortz puntuko eskaria luzatu diete. Bertzeak bertze, egindako aurkikuntzak gizarteari eta bereziki urdazubiarrei erakusteko eskatu die, «ingurua babestu eta harrobia behingoz gelditzeko eskatuz», baita ikerketekin jarraitzeko eta harrobiko lanen ondorioz kaltetua izan den inguru babestu hori behar bezala lehengoratzeko, «prozesu horretan ustiapenaz probestu den enpresak legez dituen konpromisoak baztertu gabe».