Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 6an

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 8a, 10:02
Idi-gurdiak ekarri du aurten ere burdina Urdazubiko monastegira.

Monastegiko monjeek Bizkaiatik etorritako burdin minerala urrearen truke erosi zuten

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 6an. Bederatzigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen. Axular baserritik Urdazubira idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Bizkaiko benakeroek eta Salbatore monastegiko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. 

 

Aurtengoan, 14 urrezko txanpon ordaindu behar izan zituzten, iaz baino bat gehiago. Aurten, lehen aldiz, Pobeñako Rafael Ansorena idazkariak trukea idatziz jaso zuen. Handik buruzareetan eraman zuten burdina monjeek.

Ospakizunean izan ziren agintarien artean, Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko presidente ordea izan zen. Jesus Martiarenak Aurreskua dantzatu zuen, Itziar Torresek jotako txistuaren doinuarekin.

Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monastegiko abadearen antzezpena. Olagizonak, berriz, Zugarramurdiko Sansineko Javier Zubillaga eta Urdazubiko Martin Villares izan ziren; Jose Antonio Agirre, Juan Ramon Otheguy, Jose Luis Gomez, Juan Luis Sarratea eta Mikel Beola mojeak. Aurten, Sopuertako Alen Elkarteko Juan Carlos Ortiz eta Amalio García ere izan ziren ekitaldian, garai batean burnia itsasoratzen zen Pobeñatik etorritako bertze 50 bat bizkaitarrekin batera. Plazako antzezpenaren ondotik, Baztango Mutildantzariak taldeak dantza saioa egin zuen eta Maria del Mar Larraza historialariak foruei eta 1893ko gamazadari buruzko solasaldi interesgarria eskaini zuen.

Ondotik, zikiro jatea eskaini zen 400 bat lagunendako eta Bankako Menditarrak taldeak kantatu zuen bazkalondoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun