Gai juridikoetan Nafarroako Gobernuaren organo aholkularia den Nafaroako Kontseiluak, Alkerdiko harrobiaren espedientearen baliogabekotasunari buruzko irizpena eman du eta horren arabera, Nafarroako Gobernuak 2013an emandako ustiapen proiektu berria eta kontzesioaren luzapenaren baimena baliogabetuko duela uste du Urdazubi Elgarrekin udal taldeak. Horren ondorioz, hiru bide izanen ditu enpresak, oposizioko udal taldearen erranetan: «lehena, Nafarroako Gobernuaren erabakia ontzat hartu eta errespetatu. Horren arabera, 2003ko lizentziara bueltatu beharko lirateke, ustiapen tradizional batekin. Lizentziaren ez betetzeak larriak izan direnez, gure ustez lizentzia hori ere baliogabetu behar du Udalak». Bigarren irtenbidea Nafarroako Gobernuaren erabakia epaitegietan errekurritzea litzateke, eta epaileek erabakiko dute nork duen arrazoina eta azken aterabidea baimen berria eskatzea litzateke, «enpresak proiektua Herriko Etxean aurkeztu beharko du berriro eta orduan, gure herriaren deuseztea geldiarazi ahal izanen dugu», dio Urdazubi Elgarrekin taldeak. Talde honen ustez, berri onak dira, «borrokatzen eta lanean jarraitu behar dugu elgarrekin, Herriko Etxetik hasita. Beraz, gure babesa izanen dute herri honi kalte egiten dion ustiapen batekin amaitzeko prest dauden pertsona eta elkarte guztiak».