Espainiako Vueltako etapa bukaera eta hasiera hartuko ditu Urdazubik

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 20a, 07:48
Espainiako Vueltako, Nafarroako Gobernuko eta Urdazubiko agintariekin batera, Miguel Indurain txirrindulari ohia ere Urdazubin izan zen joan den ortziralean.

Irailaren 2an Bilbon abiatu eta Dantxarinean akituko da hamahirugarren etapa eta biharamonean Urdazubitik abiatuta Frantziako Aubisque kaxko mitikoan izanen du helmuga

Espainiako Vuelta txirrindulari itzulian protagonismo berezia izanen du Urdazubik. Izan ere, Dantxarinean bukatuko da irailaren 2ko hamahirugarren etapa, etaparik luzeena, 212 kilometrorekin (Bilbo-Dantxarinea) eta bertatik abiatuko dela Pirinioetako Aubisque-Gourette kaxko mitikoan bukatuko den hamalaugarren etapa ere, Vuekltako etapa erregina. Halaxe aurkeztu zuten ekainaren 17an Urdazubiko Kultur Etxean. Ekitaldian izan ziren Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordea, Javier Guillén Vueltako antolakuntzako zuzendari nagusia, Santiago Villares Urdazubiko alkatea eta Miguel Indurain txirrindulari ohia.

 

Nafarroako Gobernuaren Turismo Reyno de Navarra erakundeak 22.500 euroz lagunduko du ekimena, “etapa hauek Nafarroako irudi onean eragiten duten inpaktuari esker, dirua berehala eta zuzenean bueltatzen delako”.

Bilbo-Dantxarinea etapak 212,8 kilometro izanen ditu, aurtengo Espainiako Vueltako luzeena izanen da. Hirugarren mailako Itziar eta Igeldoko kaxkoak igo ondotik, Aritxulegin barna sartuko da eskualdean (3. Maila). Agiña ere igoko dute (3. Maila) eta Lesaka eta Etxalarren barna, Lizarietako gaina igoko dute (3. Maila) eta Saratik Urbia (3. Maila) eta Otxondo (2. Maila) igoko dituzte, Dantxarinean helmugaratu aitzinetik.

Dantxainea eta Aubisque arteko irailaren 3ko etapak, berriz, 195,6 kilometro izanen ditu eta Aubisqueko kategoria bereziko helmuga ez ezik, Iharpu (1. Maila), San Martingo harria (1. Maila) eta Marie-Blanque (1. Maila) igo beharko dute txirrindulariek. Vueltako etapa nagusia, etapa erregina izanen da.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun