Irudi korporatibo eta web orri berria aurkeztu dituzte Xareta Egunean

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 7a, 12:47
Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sarako udal ordezkariak Xaretaren irudi korporatibo berriaren aurkezpenean.

Igande honetan ospatu dute Urdazubin lau herrien besta

Ekainaren 5ean Urdazubin egin den Xareta Egunean aurkeztu dute eskualdearen irudi korporatibo eta web orri berria. Bertze hainbat ekitaldi egin dira Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sarako herrien bestan.

 

Axularren Txokora mendi ibilaldia egin ondotik Kultur Etxean aurkeztu dituzte Xaretaren irudi berria eta web orria (www.xareta.eus). Ondotik herri kirolak ere izan dira eta egun osoan musika eta eskulangileen azoka.

 

Irudi korporatibo berria

Nafarroako eta Lapurdiko lau herri hauek komunean duten logotipo berriak herri horiek lotzen dituen nortasun kultural sendoa islatzen du, beren herritarren loturek mugak gainditzen baitituzte. Irudi aldaketa hau lurraldean errotutako proiektu honen nortasunaren, xedeen eta komunikazioaren inguruko hausnarketa sakon baten emaitza da.

Nortasun korporatibo berriak sinbolo gisa hartu du Larrun mendia, marka lurraldearekin erlazionatuz lau udalerriek duten elementu erkide baten bidez. Horren gainean, Xaretaren tipografia alai eta dinamikoa nabarmentzen da, modernitatea eta berezko nortasuna agertzen dituen elementua izanik. Logotipoa Mugarik gabe hitzekin osatzen da, honela lau udalerrien arteko batasuna azpimarratuz eta beren tradizioak eta kultura islatzen dituen euskal tipografia erabiliz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun