Xaretak bere eguna ospatuko du igande goizean Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2016ko ekainaren 3a

Xaretaren irudi koporatibo berria aurkeztuko dute Xareta Egunean.

Xaretaren irudi korporatibo eta web orri berria aurkeztuko dira, Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sarako herriak lotzen dituena 

Xaretak igande honetan, ekainak 5, aurkeztuko du Urdazubin bere irudi korporatibo berria jai-giroan igaroko duen jardunaldi batean. Xaretaren Eguna dela eta, lau herri mugakideak –Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sara– bateratzen dituen bailararen izena daraman elkarteak bere batasun-eguna ospatuko du igande goizean zehar luzatuko diren hainbat ekitaldirekin.

 

Jardunaldia "Axularren Txokora" egingo den bi orduko mendiko ibilaldiarekin hasiko da, Urdazubiko plazatik abiatuko dena. 11:30etan Kultur Etxean aurkeztuko dira Xaretaren irudi berria eta web orria (www.xareta.eus), gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. 12:30etan herri-kirol emanaldia eskainiko da.

Gainera, goiz osoan zehar, 10:00etatik 15:00etara, musika eta artisautza-azoka egongo dira. Urdazubiko Museoa eta Klaustroa doan bisitatu ahalko dira (10:00etatik 13:00etara) eta Errota (11:00etatik 12:00etara).

 

Irudi korporatibo berria

Nafarroako eta Lapurdiko lau herri hauek komunean duten logotipo berriak herri horiek lotzen dituen nortasun kultural sendoa islatzen du, beren herritarren loturek mugak gainditzen baitituzte. Irudi aldaketa hau lurraldean errotutako proiektu honen nortasunaren, xedeen eta komunikazioaren inguruko hausnarketa sakon baten emaitza da.

Nortasun korporatibo berriak sinbolo gisa hartu du Larrun mendia, marka lurraldearekin erlazionatuz lau udalerriek duten elementu erkide baten bidez. Horren gainean, Xaretaren tipografia alai eta dinamikoa nabarmentzen da, modernitatea eta berezko nortasuna agertzen dituen elementua izanik. Logotipoa “mugarik gabe” hitzekin osatzen da, honela lau udalerrien arteko batasuna azpimarratuz eta beren tradizioak eta kultura islatzen dituen euskal tipografia erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun