SOS Alkerdik batzar informatiboa deitu du ekainaren 3rako

Ttipi-Ttapa 2016ko ekainaren 2a

SOS Alkerdi Plataformakoak harrobiaren zabaltzearen kontrako mobilizazioak egiten ari da azken bi urteotan.

Ortziral arratsaldeko 8etan izanen da Urdazubiko Kultur Etxean

Urdazubiko SOS Alkerdi plataformak, harrobiaren gaur egungo egoeraz informatzeko eta denen artean hemendik aitzinera eman beharreko urratsei buruz aritzeko batzar informatiboa eginen du ekainaren 3an, ortziral arratseko 8etan Urdazubiko Kultur Etxean. Aste honetan bi berri garrantzitsu izan dira afera honen inguruan. Alde batetik, Nafarroako Kontseiluak Alkerdiko harrobiaren esplotazioaren lizentzia baimenaren luzapena baliogabetzat jo du eta bertzetik, Nafarroako Arartekoak babesa eman dio Plataformatik igorritako idatziari.

 

Nafarroako Kontseiluaren irizpenari dagokionez, oraindik ez da ailegatu SOS Plataformakoen eskura, baina aste honetan argitaratu da prentsan. Horren arabera, Alkerdiko harrobiaren esplotazioaren 2003ko lizentziaren luzapena baliogabea izan daiteke, prozesu ofiziala ez duelako bete. Itxura batean, jendeaurrean ikusgai egoteko epea eta alegazioak aurkeztekoa ez dira bete eta hortaz, baliogabea izanen litzake.

Nafarroako Arartekoak, bere aldetik, SOS Alkerdik aurkeztutako kexuari erantzun egin dio eta Nafarroako Gobernuari gogorarazi dio Alkerdiko harrobiaren ustiaketa aldaketari ingurumen azterketa egiteko «lege betebeharra» duela. Lezeak zaintzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu behar direla ere azpimarratu du Arartekoak eta harrobi honetarako lehergailuak erabiltzea debekatua dagoela.

SOS Alkerdi Plataformak ekainaren 3ko batzarrera deitzeko buzoneatu duen idatziak dioenez, «ez badugu kontra egiten, harrobiaren ustiaketa hegomendebaldera zabalduko da batez ere, herri bidea janez eta gure paisaia, natura eta Zelaieta-Alkerdi-Berroberriko eremu arkeologikoa suntsituz». Ustiaketa handitzen den neurrian, bizilagunen osasuna eta segurtasuna ere kaltetuko dela azpimarratzen dute eragin okerragoa izanen da bentetako komertzioentzat, landa turismorako, jatetxeendako edo abelzaintzarako…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun