Dantxarinean erori zen eraikinaren obra-lizentziaren inguruan arrazoia eman diote Urdazubiko Udalari

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 2a, 13:41
Joan den urteko azaroaren 25ean Dantxarinean izandako ezbeharrean langile bat hil zen.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak joan den urtean eman zuen ebazpena bertan behera utzi du

Langile bat hil eta bertze hiru zauritu ziren azaroaren 25ean Dantxarinean, saltoki berri bat eraikitzeko lanean ari zirenean bigarren solairuko zati bat gainera erori zitzaienean. Orain, urte erdi beranduago, Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoi eman dio Urdazubiko Udalari lan haien udal lizentzien legaltasunari dagokionean.

Hain zuzen, Nafarroako Administrazio Auzitegiak apirilaren 18ko datarekin emandako ebazpenak, joan den urteko azaroaren 11n auzitegi berak, emandakoa zuzentzen du. Orduan, partikular batzuk eraikin horretarako alkateak emandako obra-baimena errekurritu zuten eraikinaren altuerarekin zegoen arazo batengatik eta oposizioko zinegotzi batek ere bat egin zuen. Orain, Auzitegiak 2015eko azaroaren 11ko erresoluzio hura bertan behera utzi du.

Auzitegiak dioenez, planoak irakurtzerakoan akats bat izan zen eta eraikinaren iparraldeko fatxadak legea betetzen duela onartzen du, gehienez onartutako 15 metro baititu. Errekurtsoa jarri zutenek emandako bertze arrazoi batzuk lehendik desestimatuak zeuden.

Gisa honetara, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baieztatu du Urdazubiko Udalak 2015eko otsailaren 6an eta martxoaren 15ean obra-baimenen inguruan Urdazubiko udalak emandako erresoluzioak zuzenbidezkoak direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun