Herri Urrats “Jalgi” lelopean ospatuko da Bernat Etxepare ikastetxearen alde

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 29a, 07:41
Herri Urratsen aurkezpena egin zuten asteazkenean Baionan.

Maiatzaren 8an izanen da hitzordua Senpereko aintziran

Senpereko aintzira prest da Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen bestaren hogoita hamahirugarren edizioarentzat maiatzaren 8an. “Jalgi” da aurtengo leloa eta irabaziak Baionako Bernat Etxepare ikastegiari emanen dizkiote eraikin berria eraikitzeko Lapurdiko hiriburuan, asteazkenean egindako aurkezpenean aipatu zutenez. 

 

Eraikin berri hortan Seaska federazioaren lehen lanbide heziketa zentroa zabalduko da. 10 milioi euro gostako den sei mila metra karratuko eraikina altxatuko dute Baiona iparrean. Akitaniak 7 milioi ordainduko ditu eta gainerako guzia euskaltzaleek pagatu beharko dute. 400 ikasle hartu ahal izanen dituzte Bernat Etxepare ikastetxe berrian.

2zio rap taldea, DJ Balpores, Oreka Tx, Zarena Zarelako, Irrien Lagunak eta Esne Beltza taldeek alaituko dituzte aintziraren bazterrak. Azken talde hunek moldatu du aurtengo kantua Jon Garmendia Txuriyak egin duen testuarekin. Seaskako ikasle ohiek bertsu Saioa eskainiko dute Lapurdi gunean goizeko hameketan: Ortzi Idoate, Maddi Sarasua, Aitor Servier, Aimar Karrika eta Miren Artetxe, gai emailea Xan Alkhat izanen delarik.

 

Garapena, euskara gora

Seaskako ikastolek etengabeko garapena dute, eta jadanik, 3.500 ikasle baino gehiago biltzen dituzte Ipar Euskal Herri osoko hogoita hamabi ikastegietan. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoko haurren %10 inguruk Seaskaren ikastoletan ikasten dute. Joan den irailean, hiru ikastola berri zabaldu zituzten Azkarate, Basusarri eta Biriatun; eta 2017an lizeo profesionala sortzeaz gain, jantegia eta barnetegia bilduko dituen eraikuntza sortuko dute Iparraldeko euskaltzaleek.

 

Etxepare, Frantziako estatuko lizeorik onena

Bernat Etxepare Baionako lizeoa Frantziako estatuko hoberena dela baieztatu du Hezkuntza Sailak egin duen sailkapenak. Pariseko hedabideek oihartzun zabala eman diote berri huni eta azpimarratu dute iazko ekainean ikasle guziek gainditu zutela unibertsitatera sartzeko azterketa. Xole Mariluz ekonomia irakasleak pozik hartu zuen albistea lan jarraikia eta estua egiten baitute ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Ikasle taldeak ttikiak izateak emaitza onak lortzen laguntzen duela diote Seaskan. Dena den, aho batez kritikatzen dute sailkapenak ez duela sekulan zehazten Etxepare D ereduan ari dela eta bertako ikasleek ezin dutela baxoa euskaraz egin. Izan ere, matematika eta historia-geografia izan ezik, bertze ikasgai guziak frantsesez egin behar dituzte ikastolako ikasleek, hau da Frantziako Errepublikako hizkuntza ofizial bakarrean. Nahiz eta zailtasunak izan, kasik urtero ikasle gutiek gainditzen dute Iparraldeko selektibitatea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun