Dantxarinea-Urdazubik mugako pasabidea irekitzeko eskatu du bentei egindako kaltea dela eta

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 21a, 09:57
Txomin Iribarren eta Santiago Villares, itxita dagoen mugako pasabidean.

Santiago Villares Urdazubiko alkateak eta Txomin Iribarren Dantxarineko merkatarien elkarteko presidenteak erran dutenez, joan den azaroan Parisen izandako atentatuez geroztik itxia dago mugako pasabide zaharra

Urdazubiko Udalak eta mugako bentak biltzen dituen Dantxarineko merkatarien elkarteak salatu egin dute Parisen izandako atentatuez geroztik itxita dagoela Frantziako bi pasabideetako bat, eta horrek kalteak eragiten dizkiela alde horretako merkatariei eta turismoari. 

Joan den azaroan, Parisen izandako atentatuen ondoren, polizia frantsesak Urdazubi eta Ainhoaren arteko mugako zubian dagoen pasabidea itxi zuen segurtasun-arrazoiak tarteko. Urdazubiko Udalak kexa agertu zien egun batzuk pasa eta gero Jendarmeriari eta Ainhoako Udalari, itxierak ibilgailuen joan-etorriei kalteak eragiten zizkielako; izan ere, bide nagusia itxi zuten, eta bertatik, autoez gain, kamioiak eta autobusak ere iragaten dira. Ireki egin zuten pasabidea, baina bigarren mailakoa itxi zuten, garai bateko mugako pasabidea, eta, horren ondorioz, benta batzuk, Lapitxuri benta bereziki, ibilgailuen joan-etorrietatik, eta, beraz, merkataritzatik baztertuta gelditu dira, eta, horrenbertzez, mugatuta dago, baita ere, benta horren aparkalekurako sarbidea. «Kaltea ez da izugarri handia, baina oraino jasaten ari gara», adierazi du Txomin Iribarren, Merkatarien Elkarteko presidenteak. Gainera, guttienez bertze bi hilabetez ere segituko omen dute egoera berean.

Hasieran, kontrolak jarri zituzten mugan, eta Udalak ulertu egin zuen hori, atentatuek sortutako alarmagatik. Halere, aspaldixkoan kontrolak hagitz gutxitan egiten dira eta «ez da ulertzen bideak itxita segitzea. Bertara hurbiltzen diren bisitariei eta turistei soilik egiten diete kaltea, handik iragatea galarazten baitie», dio herriko alkate Santiago Villaresek.

Urdazubiko Udala, Ainhoa eta Sarako alkateekin mintzatu da mugako pasabidea ireki dezaten, baita Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakari Jean-Jacques Lasserrerekin, Jendarmeriarekin, Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin ere. Halaber, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdirekin; Toki Administrazio, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalderekin; eta Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albarekin ere bildu da.

Pasabide hori behin betiko ixteak (zementuzko bloke batzuk jarri dira) Dantxarinea guztian eragiten du, arazoak sortzen baititu ibilgailuen joan-etorrietan. Izan ere, egunero 4.000 eta 5.000 ibilgailu bitarte iragaten dira bertatik (Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiak hala adierazita), eta Dantxarineko saltokiek lau milioi bisitari erakartzen dituzte urtean.

Dantxarinean 23 establezimendu daude zabalik urte guztian zehar, mota guztietako produktuak saltzen dituztenak: tabakoa, alkohola, jakiak, moda, gasolindegiak, bazarrak, teknologia, ardoak eta likoreak, jatetxeak… Gainera, bertze bi benta eraikitzen ari dira. Saltoki horiek 500 pertsonari ematen diote lana, eta bertze 200 langile ere ariko dira lanean benta berriak irekitzen direnean. Gutxi goiti-beheiti, establezimendu horien langileen erdiak Iparraldekoak dira, hurbileko herrietakoak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun