Hiruka’ntuz leloarekin berriturik dator Senpereko Kantuaren eguna

Ttipi-Ttapa 2016ko martxoaren 31

Urtero hainbat lagun biltzen dira Senpereko Kantu Egunean.

Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko kantariak gomitatuak dituzte apirilaren 2an Ibarrungo Inharrea baserrira

Senpereko Kantuaren Eguneko hitz ordua apirilaren 2an finkatu dute Ibarrungo Inharrea baserrian eta Hiruka’ntuz lelopean horrat gomitatu dituzte Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoko kantariak. Eskiula, Armendaritze, Banka eta nola ez Senperealdeko kantariak bilduko dira beraz nor baino nor goxoan aritzeko batzuek bertzeei errepusta emanez agian. 

 

Kattalin Indaburu, Thierry Biscari Kalakan taldekoa, Xenderineko ahizpak, Martxel Brave eta Jean Noel Bessonart herritarrek ere parte hartuko dute kantu bazkarian. Bixente, Pia­rres, Txeutx eta zonbat herritar gaztek gaitzeko lana daramate egun hauetan egun hori behar den bezala muntatzeko. Izenak eman (30 euro) lehenbailehen Piarres deituz 0033 (6)83829834.

12:00etan zintzur bustitzea izanen da eta 14:00etan bazkaria, kantu bilduma liburuxka eskainia izanen zaielarik parte hartzaile guziei

 

Senpereko Kantu Egunaz

…Kantuz ari gabe gu deusik ez gare! Larreko bertsulari zenaren hitzak orratza bezain zuzenak ziren eta Ixtilarteko nagusiak ongi asmatu zuen bertsua “Senperen kantuz” ereserkia indartzeko. Senperen kantuzaletasuna haundia bada aspalditik, bestetan, gazteen artean edo mota guzietako ekitaldietan, elizkizunetan barne. Dena den gure perlak galtzen zirelakoan kantu xaharren bazkariak apailatzen hasi ziren duela kasik hogoi urte. Mixel Mendiburu, Auxtin Zamora, Oxtikenekoak eta Hatsa elkarteko lagunek baitezpadakoa ikusi zuten herritarrak elkarretaratzea kantuaren egunaren karietarat eta gisa huntan munta haundiko hamar bat biltzar egin dituzte. Egun horietan bildu kantuekin, zenbait liburu eta diska atera izan dituzte ondarea denen esku uzteko eta gisa hortan betikoz ditugu Apextei, Laurent Elorga edo Fifin Billon edo Auger Ibarrak alegeraki ematen zituzten kantuak.

Urteak joan urteak etorri kantu xaharren bazkariak itxuraz aldatu dira gomita gehienak zendu baitira eta tokia gazteeri ematea pen­tsatu dute herriko kantuzaleek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun