Bazkoko asteburua animatua izanen da aurten ere Saran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 23a

Pantxoa Etxegoin (Euskal Kultur Erakundea), Jean Michel Garat eta Daniel Laplacette, Sarako Idazleen Biltzarraren aurkezpenean. Argazkia: Franck Dolosor

Euskal Idazleen Biltzarra 23. aldikoz eginen da astelehenean

Martxoaren 26tik 28ra Bazkoko asteburua dela, usaian bezala ekitaldi ezberdinak antolatuak izanen dira Saran. Lur Berri gelan Eskuen Lana elkarteko kideen obrak ikusten ahalko dira, Denen etxean Larrungo koloreak elkartearen tinta eta eskulturak, sartzea urririk da. Olhain ikastolak Herri Urratseko jantziak salduko ditu plazan.

 

Martxoaren 28an, XXXIII. Euskal idazleen biltzarra eginen da kiroldegian. Itxaro Borda idazlea eta Michel Iturria margolaria omenduko dituzte. Aurten lan berezi bat eramana izan da lehen mailako eta kolegioko ikasleekin, transmisioa gaiari buruz, eta proiektu horren bururapena aurkeztuko dute. Haurrentzat animazioak ere antolatuak dira. Sartzeak 2 euro balio du.

 

Berrikuntzak

Berrikuntzekin iraganen da aurtengo Sarako Idazleen Biltzarra. Orain arte, Sarako Turismo Bulegoak kudeatu izan du literaturaren hi­tzordu hau, baina aldi honetan, Sarako Bil­tzarra izenarekin sortu duten elkarteak bere gain­ hartu du antolaketa. Bi helburu nagusi finkatu dituzte: gazte gehiagoren erakartzea eta euskarari toki handiagoaren eskaintzea. Hala, ikastola, eskola publiko, eskola katoliko, kolegio eta lizeotako 200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute.

Horrez gain, biltza­rrari eskainitako lekua bikoiztu egin dute eta lau gune prestatu dituzte: erakusketa artis­tikoen txokoa, liburu berriak dohainik kon­tsultatzekoa, hau­rren txokoa (animazioak, ikusgarriak, tailerrak, irakurketak, ipuinak... izanen dira) eta min­tzaldi eta hedabideei eskainitakoa.

Gainerakoan, 11 argitaletxe, 22 elkarte eta ehun idazlek baino gehiagok parte hartuko dute Sarako Biltzarrean.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun