Erabilera handitzea
Plataformak emandako datuen arabera, 1999tik honat baliabideen erabilera aunitz handitu du harrobiak eta 46.000 metro koadro erabiltzetik 120.000 metro koadro erabiltzera pasatu da. Harria mozterako orduan, «2 kilo baino guttiagoko lehergaiak erabiltzetik, 1.500 kilo bitarteko lehergaiak erabiltzera pasatu dira, urtean 21.000 kilo inguru».
Gaur egun urtean 863.000 metro kubiko lur mugitzen dute harrobian, baina ustiaketa-plan berriarekin 2.300.000 metro kubiko mugituko lirateke, 30 urtez. «Dantxarineko merkataritza gunetik, gaur egun bi kamioi pasatzen dira eta plana beteko balitz, 31 kamioi ibiliko lirateke».
Erabakiak hartzeko momentuan Urdazubiko bizilagunen ongizatea eta lehen sektore, turismo eta merkataritzari lotuak dauden bertako jarduerak kontuan hartzeko eskatu zuten. Gainera gogorarazi zuten 600 metroko segurtasun eremu horretan Alkerdi eta Leorlas auzoak daudela, etxebizitzak, bordak, landetxeak, jatetxeak eta baita Ikaburuako lezeak ere, «dimentsio hauetako segurtasun eremua ziurtatzea ezinezko egiten dutenak». Gainera, kontuan hartu behar da Nafarroako Paleolitiko garaiko grabatu bakarrak bertan aurkitu direla eta horiek babesteko eskari berezia ere egin zuten. Aldi berean, inguruan gisa horretako «altxor gehiago» ote dauden ikertzea ere eskatu zuen SOS Alkerdik.