Espainiako Vueltako etapa bukaera eta hasiera hartuko ditu Urdazubik

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 12a, 07:27
2014an Euskal Herriko Itzuliko etapa bukaera eta hasiera hartu zituen Dantxarineak.

Bilbotik abiatuko den hamahirugarren etaparen helmuga eta Aubisqueko kaxko mitikoan bukatuko den hamalaugarrenaren irteera izanen da Dantxarinea

Urtarrilaren 9an aurkeztu dute aurtengo Espainiako Vuelta txirrindulari itzulia eta aipatzekoa da, Dantxarinean bukatuko dela irailaren 2ko hamahirugarren etapa (Bilbo-Dantxarinea) eta bertatik abiatuko dela Pirinioetako Aubisque kaxko mitikoan bukatuko den hamalaugarren etapa ere.

 

Bilbo-Dantxarinea etapak 212,8 kilometro izanen ditu eta hirugarren mailako Itziar eta Igeldoko kaxkoak igo ondotik, Aritxulegin barna sartuko da eskualdean (3. Maila). Agiña ere igoko dute (3. Maila) eta Lesaka eta Etxalarren barna, Lizarietako gaina igoko dute (3. Maila) eta Saratik Urbia (3. Maila) eta Otxondo (2. Maila) igoko dituzte, Dantxarinean helmugaratu aitzinetik.

Dantxainea eta Aubisque arteko irailaren 3ko etapak, berriz, 195,6 kilometro izanen ditu eta Aubisqueko kategoria bereziko helmuga ez ezik, Iharpu (1. Maila), San Martingo harria (1. Maila) eta Marie-Blanque (1. Maila) igo beharko dute txirrindulariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun