Gernika Bataloia dokumentala eskainiko dute abenduaren 17an Senperen

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 16a, 07:42

Franck Dolosor kazetari senpertarra da dokumentalaren gidoilarietako bat.

Ortzegun arratsaldeko 6;45ean Larreko gelan

Gernika Batailoia euskaraz egindako dokumentala ikusgai jarriko dute abenduaren 17an, ortzegunean 18:45ean Senpereko Larreko gelan. Sartzea urririk izanen da. Dokumentalaren gidoilari lana egin duen Franck Dolosor kazetari senpertarra ere izanen da emanaldian. Ikusi trailerra

 

Hegoaldeko zonbat gizonek "Gernika Batailoia" sortu zuten Frantzia libratzen laguntzeko Munduko Bigarren Gerla denboran. Hauen artean ziren Bixintxo Bilbao eta Juan Martinez Irujo pilotarien aitatxi eta osaba; eta Berako Aretz Iguiniz Aviron Bayonnais taldeko rugbilariaren aitatxi zena edo Urdazubiko Del Plaz… Bertze ainitz ez dira hain ezagunak bainan gizontasun berarekin borrokatu ziren libertatearen alde eta nazismoaren kontra.

 

Gernika Batailoia

Gernika batailoia, askatasun itxaropena (1945-2015) dokumentala, ikurriña aidean zeramala faxismoaren kontra eta aliatuen alde borroka egin zuen euskal unitate militarraren historiaren kontakizuna egiten digu. Kontakizuna 2015eko apirilean hasten da, 70 urte lehenago Pointe Graveko batailan Frantzia Medoc-ean, Burdeosen askatasunerako puntu estrategikoa, naziengandik askatzen lagundu zuten haiei eginiko omenaldian.

Hori da abiapuntua, baina historia askoz lehenago hasten da, etxean, Euskal Herrian, Gerra Zibila bitartean. Gerra galduta, Eusko Jaurlaritzak eta milaka euskaldunek erbestera ihes egin beharrean ikusiko dute euren burua, baina han gerra berdinarekin egingo zuten topo, faxismoaren kontrakoa, dimentsio handiago batekin: bigarren gerrate mundiala. Gernika batailoia osatu zuten gizonek Errepublikatik hona Euskal Herriaren bizi ibilbidea berreraiki zuten, Gerra Zibiletik eta erbestetik pasa eta, Burdeoseko askapenaren zorion egunetaraino.

Baina faxismoari militarki aurre egin zion Gernika Batailoiaren jokaera ez zen ekintza isolatu bat izan. Agirre Lehendakaria buru zuen erbesteko gobernuak hainbat ekimenei egin zien aurre: diplomazia, espioitza, pertsonen erreskatea... Aliatuen babesa zen helburua, berehalakoa behar zuen une hartarako: Francoren erorketa eta etxera itzultzea. Hura zen "askatasun itxaropena", hura benetako borroka, dokumentalean agertzen diren eta bizirik dauden bi gudarietako batek, laurogeita hamar urteak beteak dituen Francisco Perezek, bere bizi esperientzia lekuko, emozioz kontatua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun