Urdazubiko ondare historikoa bertatik bertara ezagutu du Kultura kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 20a, 11:49
Nafarroako Gobernuko, udaleko eta SOS Alkerdi Plataformako ordezkariek lezeak bixitatu zituzten asteazkenean.

Azaroaren 18an bisitatu zituen lezeak eta leherketa handiagoak kalte eginen dietela azpimarratu zion alkateak

Ana Isasi Nafarroako Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko kontseilaria eta zenbait kide Urdazubin izan ziren azaroaren 18an. Alkerdi, Berroberria, Zelaieta eta Ikaburuko lezeak ezagutzeko parada izan zuen Herriko Etxeko ordezkariekin batera. 

 

Jesus Sesma eta Jesus Garcia arkeologoek lezeotako grabatuei buruzko azalpenak eman zizkieten bertaratu ziren Gobernuko kideei, Santiago Villares alkateari, Iñigo Imaz eta Anastasia Vidart zinegotziei nahiz SOS Alkerdiko kide Miren Oiartzabal eta Inaki Alzuieti. Jarraian, harrobia erakutsi zitzaion kontseilariari eta Zelaietako lezeek jasandako kalteak ikusi ahal izan zituzten. Txangoa amaitzeko, kontseilariari Ikaburuako lezeak erakutsi zizkioten.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek bere kezka azaldu zuten lezeetako ondare arkeologikoaren kontserbazioarengatik. Alkateak azpimarratu nahi izan zuen, harrobiko lanetan leherketa karga handiagoak egitea eta ondarea kontserbatzea ez direla bateragarriak.

Berroberria eta Alkerdiko lezeak babestuak eta katalogatuak daude eta historiaurreko grabatuak dituzte. Zelaieta I eta III lezeek ez dute halako babesik, baina eman nahi zaie.

Urdazubiko Udala, SOS Alkerdi Plataforma eta harrobiko zuzendaritza eta langileak bilerak egiten ari dira aferari buruz solasteko. Heldu den asteartean, azaroaren 24an, bertze bilera bat eginen dute. Gaur egun, behin behinekoz bertan behera utziak dituzte Alkerdiko harrobiko leherketak eta zulaketak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun