Urdazubiko alkateak elkarlanerako borondatea ere agertu du eta Udalak ez duela inolako arazorik Kontu Ganbarak bere kudeaketa azter dezan, «transparantea» izan delako. Modu berean, gogoratu du Kontu Ganbarak 2011n ere aztertu zituela udalaren kontuak eta ez zuen kudeaketan inolako irregulartasunik topatu.
Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai alderdiko bozeramaile den Koldo Martinezek egindako adierazpenei erantzun dio gisa honetara Santiago Villaresek. Martinezen erranetan, «bere taldeak diru publikoaren erabilera ez egokiaren susmoak ditu», baina ez zuen bertze azalpenik eman. Urdazubiko alkateak, bere aldetik, ardura eta zuhurtzia eskatu die politikoei, oinarri eta frogarik gabeko susmoak aireratu aitzinetik.
Santiago Villares alkateak gogoratu duenez, 2007an Azkar taldeak Urdazubiko Herriko Etxea gobernatzeko ardura hartu zuenean, 430.957 euroko saldoa eta 1.023.888 euroko zorra (maileguak barne) zuen Udalak. Legealdi hura bukatzerakoan, udalaren saldoa 570.577 eurora igo zen eta zorra, berriz, 375.989 eurora jautsi zen. 2015eko apirilean, 1.369.000 euroko aldeko saldoa aurkeztu zuen Urdazubiko Udalak.