Ondarearen Europako jardunaldia ospatuko da Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 17a

Nafarroako Paleolitikoaren adibide ezagun bakarra Alkerdin.

Irailaren 20rako herriko kobak defendatu eta garrantzia emateko bisita eta hitzaldiak antolatu dira

SOS Alkerdi plataformak antolatu du eguna Urdazubiko Udalaren kolaborazioarekin. Igandean gerturatutako bisitariek Alkerdiko bilduma arkeologikoaren eta herriko koben garrantziaren hausnarketa eginen dute bisita eta hitzaldien bidez.  

Herriko ondare kulturala eta ingurumenaren garrantzia azpimarratu nahi du SOS Alkerdik jardunaldi hauetan. Babestuak eta katalogatuak dauden Berroberria eta Alkerdiko leizeak batetik, eta zonaldeko Zelaieta I eta III leizeak bestetik.

Igandeko 09:30ean emanen zaio hasiera egunari Urdazubiko plazatik. Kobak bisitatzeko 6 kilometro inguruko bisita antolatu da eta bi orduko iraupena izanen duela aurreikusten da.

Ondoren, 12:30ean, Ignacio Barandiaran EHUko Historiaurreko katedradunak hitzaldia emanen du koba hauen inguruan. Hitzaldia Kultur Etxeko areto nagusian izanen da (garai bateko aroztegian).

Bisita eta hitzaldiaz gain, egun osoan zehar Salbatore Monasterioko museo eta arte erakusketara dohainik sartzeko aukera eskainiko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun