Urdazubiko Burdinaren Eguna euripean baina giro ederrean ospatu zen agorrilaren 8an

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 11a, 08:04

Bizkaiko burdin minerala urrearen truke erosi zuen Urdazubiko abadaeak. Argazkia: Alicia del Castillo

Monastegiko monjeek Bizkaiatik etorritako burdin minerala urrearen truke erosi zuten

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 8an, naiz eta euria gogotik egin zuen. Zortzigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen. 

 

Izan ere, garai batean, XIX. mende hasiera arte edo, Bizkaiko meatzeetatik Monasteriora eramaten zuten, eta abadeari ematen zitzaion, urrezko moneta batzuen truke.

Goizetik artisautza azoka izan zen herriko plazan, 35 bat eskulangilerekin eta ttikienek ere izan zuten puzgarrietan eta itsasontzietan ibiltzeko aukera.

Axular baserritik Urdazubira idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Bizkaiko benakeroek eta Salbatore monastegiko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. Handik buruzareetan eraman zuten burdina monjeek.

Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monastegiko abadearen antzezpena. Olagizonak, berriz, Zugarramurdiko Sansineko Javier Zubillaga eta Urdazubiko Martin Villares izan ziren; Jose Antonio Agirre, Juan Ramon Otheguy, Jose Luis Gomez, Juan Luis Sarratea eta Mikel Beola mojeak. Pobeñatik etorritako 80 bizkaitar ere izan ziren Urdazubin. Plazako antzezpenaren ondotik, Mutildantza dantzatu zuten Urdazubiko historiaren berri eman zuen Fernando Hualdek eta Santiago Villares alkatearekin batera, opari bat eman zioten Jokin Etxart gaur egungo Fabaren Erregeari eta omenalditxoa eskaini zioten besta hau sortu zuen Itsas Begia elkarteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun