50 tortilla baino gehiago aurkeztu zituzten Urdazubiko lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 4a, 07:43
50 tortilla baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara eta epaimahaiak lana gogotik egin behar izan zuen onenak aukeratzeko.

Manoli Azkarraga, Garazi Larralde eta Patxi Benta suertatu ziren garaile, Pilotaren Unibertsoko partiden ondotik egindako txapelketan

Urdazubin udan antolatzen dituzten ekitaldien baitan, larunbat honetan Pilotaren Unibertsoko erakustaldia egin zen eta eskuz, palaz, paletaz nahiz zesta puntako partidak ikusi ziren pilotalekuan. Ondotik, patata tortilla lehiaketa egin zen, hiru kategoriatan: estilo tradizionala, estilo librea eta profesionala.

 

Epaimahaia Juan Miguel Ibarra, Urdazubiko Lakoxka jatetxeko arduradunak; Felix Manso, Irungo Gaztelumendi-Antxon jatetxeko chef-a eta Markel Remiro, Donostiako Basque Culinary Center-eko lehen promozioko sukaldari gazteak osatu zuten. 50 tortilla baino gehiago aurkeztu ziren eta epaimahaiak maila eta sormen handia izan zela azpimarratu zuen.

Irabazleei dagokienez, estilo librean Manoli Azkarraga, estilo tradizionalean Garazi Larralde eta profesionaletan Patxi Benta izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun