Ondorioz, elizaren aldarearekin komunikatzen zuen atea irekita geratu zen, eta elizaren kontrafuerteetako bat ere kaltetua suertatu zen. Konstruktoreak berehala itxi zuen ate hori horma bat eginez, inori fitxik erran gabe. Gure ustez, jokabide hori oso larria da eta proiektu honek izan duen transparentzia eza erakusten du. Zentzu hortan, atentzioa deitzen digu, legediak eta araudia betearazteko udal arkitektoa obra honen proiektua egin duen arkitekto pertsona bera izatea.
Ekainaren 10ean, Sepronako goardia zibil patruila batek Herriko Etxea eta Pedroarena konstruktorearen kontrako salaketa egin zuen ustezko bi lege hauste egiteagatik. Uztailaren 2an, Nafarroako Kultura Sailak idatzi bat igorri zion Herriko Etxeari. Gutun horretan, Ondare Historikoaren babesarekin arduraturik, Gobernuaren harridura jakin arazi zioten Alkateari, aroztegia eta kartzelaren zoluetan egiten ari diren etxe berria dela eta. Nafarroako Gobernuak Urdazubiko elizak duen babesa kontuan hartzeko orduan, elizaren ingurunea ere errespetatu behar dela adierazten dio alkateari. Hori dela eta, Udalak Bianako Printzearen Instituzioaren baimena eskatu behar zuela aurpegiratzen dio alkateari, eta «Urdazubiko monastegiaren elizaren eraikin guztiak Nafarroaren ondare kulturalaren parte dira, Urdazubiko Udal Planaren katalogoak aditzera ematen duen bezala».