SOS Alkerdi Plataformaren erranetan aurkitutako irudiak «galeria estu batean daude eta beraiek gauzatzeko zailtasunak harridura eragiten du. Galeria horretan hogei bat irudi grabatuta agertzen dira, bisonteen marrazkiek gehiengo nabarmena dutelarik; zaldi batzuk ere aurki daitezke. Horrez gain, hatzarekin margotutako bi puntu gorri ere agertzen dira. Irudi hauen itxurak Magdaleniense garaian kokatzen ditu, duela 14.000 urte inguru».
Aurkikuntza berri honek aurretik ezagutzen ziren irudien kopurua biderkatzen du –diote Plataformakoek-, Alkerdiko kobazuloa hormako artedun kobazuloen mapan gorengo postuetan paratuz. Hau azken urteotan Nafarroako historiaurrearen inguruan egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa izan daiteke.
Nafarroako Paleolitikoaren adibide ezagun bakarra
Plataformaren iritziz, Alkerdiko lezean eginiko aurkikuntza berriak, Urdazubiko ondarearen garrantzia handitzen du. Izan ere, Alkerdi da Nafarroa mailan Paleolitiko garaiko hormako irudiak dituen kobazulo ezagun bakarra. 1933 urtean Norbert Casteret espeleologo frantziarrak eman zuen bertan aurkitzen ziren irudien berri lehen aldiz. Geroztik, J. M. Barandiaran, Lorianako Markesa eta Maluquer de Motes bezalako ikerlari garrantzitsuek bisitatu zuten kobazulo hau hainbat artikulu argitaratuz. Hala ere, bertan lan gehien egin duen eta informazio zehatzena eman duen arkeologoa I. Barandiaran izan da 1974 eta 1994 urteen artean hainbat kanpaina egin baitzituen.