Ostiralean, ekainaren 26an, gaztelu ondoko kirol zelaian eginen den eskolen lasterketarekin hasiko dira bestak. Ondotik, zikiro jatea izanen dute. Larunbatean, ekainaren 27an, ehiztarien etxolan “Ball Trap”a izanen da. Eguerdian, Herriko Etxetik txupinazoa botako dute eta lasterketak eginen dituzte.
Igandea egun tradizionala izanen da eta lasaitasunez hartuko dute astelehenerako indarrak hartzeko. Astelehenean, ekainaren 29an, “Comice laborantza” izanen da Utxalea aparkalekuan. Arratsaldean batzordeak antolatutako jokoak izanen dira; senperetarrek beren abilezia erakusteko aukera izanen dute. Asteartea izanen da hondar eguna, “Braderie/Casetas” lemapean ospatuko dutena.
Joan den urtean bezala, aurten ere, bestetako senperetarren koloreak berdea eta beltza izanen dira.
Trafikoak ez oztopatzeko eta bestak lasaitasunez gozatzeko, karrika nagusia ostiral gauetik asteazken goizera bitarte, hetsita egonen da. Halere, astelehen eta asteartean goizeko 07:00etatik eguerdira irekita egonen da.