Alkerdiko harrobian leherketak egiteko debekua kentzearen kontra agertu da Kultura Zuzendaritza

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 25a, 15:30
Parlamentariek, Urdazubiko udaleko eta SOS Alkerdiko kideekin batera harrobiko lanak bixitatu zituzten.

Eskatutako informe teknikoak dio ezin dela bermatu Alkerdi eta Berrobiko lezeetan kalterik ez dutela eraginen

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea erakundeak Urdazubiko Alkerdiko harrobian leherketa eta zulatze lanak egiteko behin behineko debekua kentzearen kontra azaldu da, Urdazubiko udalari jakinarazi diotenez.

Erabaki honek, Nafarroako Gobernuak berak eskatutako txosten teknikoa du oinarri. Txosten hori, Marmoles del Baztan enpresaren harrobiaren ustiapenak Alkerdi eta Berrobiko lezeak kaltetu zitzakeen aztertzeko eskatu zuen. Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Jose Maria Garcia de Miguel katedradunak sinatutako idatziak dioenez, «ezin da inondik inora segurtatu leherketek leze horietan kalterik eraginen ez dutenik».

Aditu honen arabera, Marmoles del Baztan enpresaren eskariz Kantabriako Unibertsitateak egindako azken ikerketa ez da baliagarria, «araua karga eta distantzia jakin baterako pentsatua baitago, baina esplotazioa aurrera doan neurrian, karga eta distantzia horiek aldatuz doaz». Gaur egun arte egindako leherketei buruz eta lezeen izan duten eraginaz ere ez omen da datu zehatzik.

 

Leherketak Urdazubirako kaltegarriak

Erabaki honekin, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua debekua kentzearen kontra agertu da. Behin behineko debekuaren erabakia, Urdazubiko udalak eta SOS Alkerdi plataformak sustengatutako bizilagunek leherketak salatu ondotik hartu zen. Azkenekoak, 2014ko uztailaren 15ean gertatutakoak, kezka handia eragin zuen urdazubiarren artean. Urdazubiko Udala ere jarduera honen kontra agertu da jarduera lizentziak baimentzen ez dituen lan guztiak geldiarazteko eta bertan behera uzteko eskatu dio enpresari. Bi espediente ere ireki dizkio enpresari, ingurumenari kalte egiteagatik eta hirigintzari eragiteagatik, hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun