SOS Alkerdi Plataformak Iruñeko Foruen monumentuaren azpian otsailaren 7an deituriko elkarretaratzean, 130 pertsonatik gora bildu ziren antolatzaileen hitzetan. Deialdiaren helburua, «Marmoles Baztan enpresak ezarri nahi duen ustiapen mota basatiari aurre egitea» zen. Herritarrekin batera, Zugarramurdi eta Baztango auzokideak ere ikusi ahal izan ziren. Partehartzaileen artean, Koldo Amezketa (Bilduko parlamentaria), Carlos Perez (Geroa Bai) eta Satorrak espeleologia taldeko ordezkari bat izan ziren. Juan Joxe Suhas bigarren alkateordeak ere parte hartu zuen, baina maila pertsonalean egin zuen eta ez Udalaren izenean.
Plataformaren iritziz, bildutako pertsona kopurua arrakastatsua izan zen eta herri oso baten batasuna islatzen du SOS Alkerdiren aldarrikapenen atzean: «Nafarroako Gobernuak jakin behar du, enpresari eskatu zitzaion ikerketa sismikoa oinarritzat hartuta, hartu ditzaken erabakien gainean egonen garela».
Ustiapen berria ezartzeko momentuan Nafarroako Gobernuak oinarri bezala hartutako proiektuaren txostena tramitatzerakoan izan omen diren irregulartasunak salatu nahi izan zituzten plataformakideek Iruñean. Izan ere, aktibitate hori ontzat emango balitz, salbuespen arkeologikoaren guneaz aparte, IKO deklaraturiko Alkerdi eta Berroberriako kobazuloen biziraupena ere zalantzan jarriko bait litzateke; baita, eskualdeko ekonomia eta bizimoduaren oinarri diren turismoa, mugako merkataritza eta abeltzantza, urdazubiarren osasuna eta ongizatea ezbaian jarriz.