Alkerdiko harrobien ustiapenak zer errana sortzen segitzen du. Aitzinera begira, SOS Alkerdik elgarretaratzea deitu du otsailaren 7an Iruñean, larunbat arratsaldeko 6etan. Autobusa antolatu da eta izena eman behar da sos.alkerdi@gmail.com edo farmazian.
SOS Alkerdik ohar bidez jakinarazi duenez, «Mármoles del Baztán enpresak leherketak lehenbailehen baimentzeko erakutsi duen intsistentziaren aurrean, Nafarroako Gobernuari ingurugiro, hirigintza eta ondareari loturiko legedia betearazteko neurriak hartu ditzala eskatzen jarraitzen dugu Horretarako, proiektu berria tramitatu eta onartzerakoan izandako akatsak bere gain hartu eta egindako arau-hauste oso larriengatik enpresa zigor dezala eskatzen dugu».
Nafarroako Gobernuaren datu ofizialen arabera, 1991 eta 2011 urteen artean Alkerdiko harrobian banaz bertze 150 kilo lehergai erabili ziren urteko, ustiapen proiektu berriak aurrera segituz gero 24.000 kilo erabiliko lirateke. Harrobiak dituen 50 urteetan ateratako materiala adina aterako litzateke gutxi gora behera datozen 3 urteetan. «Herritarren ongizatean nahiz osasunean eragingo duen kaltea nabaria da», SOS Alkerdiren ustez.
Nafarroako Gobernuaren aginduz Kantabriako Unibertsitateak egindako informe batek dioenez, «Alkerdiko harrobiaren jarduerak ez du inolako arriskurik ondarearen kontserbaziorako, beti ere distantziak eta lehergailuen kargak egokiak baldin badira». Honi erantzunez, zera dio SOS Alkerdik: «Kantabriako Unibertsitatearen emaitzek diotena diotela, leherketen metodoa ez da Zelaietako kobazuloen babesarekin bateragarria, horregatik dago debekatuta».