Ikur inposaketaren ondorioz jarritako isunei aurre egiteko (3.600 euro), urtarrilaren 31rako ilar-jate solidario bat antolatu dute Zugarramurdin. Afera ilun huni buelta eman, eta elkarren artean ongi pasatzeko eta sustenua adierazteko baliatu nahi da besta: Ilar-jatean parte hartuz, elkartasuna erakutsi nahi denez Ilartasun Eguna deitu zaio ekitaldiari.
Azketako aparkalekuan xapito (karpa) handi bat jarriko da, berogailu eta guzti.- Egitaraua eguerdian hasiko da, aperitifa musikaz animaturik izanen baita, eta bazkariaren ondotik kontzertuak eskeiniko dira, herriko eta inguruko musikariekin.
Menua hau da: entsalada, ilarrak sakramentuekin, herritarrek egindako pastizak eta desertak, eta xanpain sorbetea. Hori dena, gehi kontzertu pila bat 20 eurotan. Eta besta hantxe luzatzeko ideia bada, ostatuan ogitartekoak eta musika izanen dira. Bazkariko txartelak toki hauetan daude salgai: herrian Graxiana eta Altzatenean; Saran Herriko Etxeko edantegian, eta Urdazubin Montxon.
Gan den urtean zortzi zugarramurdiarrek jaso zuten isuna nahikoa ez bazen, berriki (urtarrilaren lehenengo egunetan) bertze herritar batek ere 450 euroko isuna jaso du. Azkenekoa ote da? Gehiago ailegatuko dire oraindik? Egun hartan plazan zirenak ez daude batere trankil.