Urdazubiko Alkerdi harrobia bisitatu dute Nafarroako Parlamentuko ordezkariek

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 23a

Nafarroako Parlamentuko ordezkariak harrobian, Urdazubiko udaleko, SOS Alkerdi Plataformako eta Marmoles Baztan enpresako ordezkariekin. Utzitako argazkia

Udaleko, SOS Alkerdi Plataformako eta Marmoles Baztan enpresako ordezkariekin izan ziren urtarrilaren 21ean

Nafarroako Parlamentuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Batzordeko kideak Urdazubiko Alkerdi harrobian izan ziren urtarrilaren 21ean. Harrobi horretan izandako leherketak arrisku bat dira herritik hurbil dauden lezeetarako eta herritarren kexak ere izan dira horregatik; hain zuzen ere, hango jarduera bertan behera utzia da abuztuaz geroztik.

Nafarroako Parlamentuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Batzordeko kideak Urdazubiko Alkerdi harrobian izan ziren urtarrilaren 21ean. Harrobi horretan izandako leherketak arrisku bat dira herritik hurbil dauden lezeetarako eta herritarren kexak ere izan dira horregatik; hain zuzen ere, hango jarduera bertan behera utzia da abuztuaz geroztik.

José Antonio Rapún, Begoña Sanzberro (UPN), Koldo Amezketa (Bildu), Juan Carlos Longás (Nabai) eta Patxi Eulza (Geroa Bai) parlamentariak izan ziren bertan Urdazubiko alkate Santiago Villaresekin eta zenbait udal teknikarirekin batera; haiekin batera, harrobia ustiatzen duen Mármoles del Baztán enpresaren ordezkariak eta SOS Alkerdi koordinakundeko kide Aitor Ollo ere bertan izan ziren.

Bilkura horretan, Urdazubiko Udala Mármoles del Baztán enpresak udara arte harrobian egin duen lanaren aurka agertu da berriz ere, uste baitu lan horiek kaltegarriak direla Berroberria, Alkerdi eta Zelaieta kobazuloetako ingurune historikoarentzat eta bertako ingurugiroarentzat, eta, halaber, eragozpenak sortzen dizkiela bertako bizilagunei (zaratak, kamioien joan-etorriak, hautsa, dardarak...), bertako merkataritzan eta turismoan eraginez, gainera.

Urdazubiko Udalak denbora horretan lortu du bertan behera uztea harrobi horretako ustiapen-eredu berri horren leherketak, 2014ko uztailaren 25eko 84 ebazpenaren bidez, eta enpresari eskatu dio irekiera onetsi zuen jarduera-lizentzia gainditzen duten lan guztiak bertan behera utzi eta geldiarazteko (2014ko azaroaren 7ko 85 ebazpena).

Gainera, bertako udalak bi zehapen-espediente zabaldu dizkio (2014ko azaroaren 14ko 93. ebazpena eta 94. ebazpenak) enpresari ingurumen eta hirigintzako arloetan arau-hausteak egiteagatik, instalazioaren azalera eta ateratze-bolumena handitu egin baitira, eta, beraz, harrobiko ustiaketaren helburuak aldatu baitira. Bertzalde, aldaketak egin dira harrobian, esaterako bankuen altuera handitu eta kamioien joan-etorriak areagotu dira, eta, orobat, pistak zabaldu, hondakindegiak aldatu eta pisten maldak aldatu dira inolako lizentziarik gabe.

Gaur egun, enpresak errekurtsoak jarri ditu espediente guztien aurka, eta ebazpenaren zain daude. Gainera, Nafarroako Gobernuaren aginduz Kantabriako Unibertsitateak egindako informe batek dioenez, «Alkerdiko harobiaren jarduerak ez du inolako arriskurik ondarearen kontserbaziorako, beti ere distantziak eta lehergailuen kargak egokiak baldin badira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun