Fabaren erregea urtarrilaren 10ean koroatuko dute Urdazubin

TTIPI-TTAPA 2015ko urt. 9a, 07:34
Jokin Etxart izendatuko dute Fabaren Errege larunbatean. Artxiboko argazkia

Axulargaingo Jokin Etxart izanen da

Larunbat honetan, urtarrilaren 10ean, ospatuko dute Fabako erregearen koroatze-zeremonia, Urdazubin. Duela berrogeita hamar urte baino gehiago Muthiko Alaiak elkarte iruindarrak urtero antolatzen duen jaialdi honetan, Urdazubiko Axulargain etxeko Jokin Etxart mutikoa Fabako errege aldarrikatuko dute. Zeremonia, Nafarroako erregeen koroatze-errituaren arabera, arratsaldeko 7etan egingo da Salbatore monastegiko elizan.

Larunbat honetan, urtarrilaren 10ean, ospatuko dute Fabako erregearen koroatze-zeremonia, Urdazubin. Duela berrogeita hamar urte baino gehiago Muthiko Alaiak elkarte iruindarrak urtero antolatzen duen jaialdi honetan, Urdazubiko Axulargain etxeko Jokin Etxart mutikoa Fabako errege aldarrikatuko dute. Zeremonia, Nafarroako erregeen koroatze-errituaren arabera, arratsaldeko 7etan egingo da Salbatore monastegiko elizan.

Festa, ordea, eguerdiko 12etan hasiko da herriko karriketan. Ordu horretan eginen dute pregoia, eta, gero, herriko kaleetan eta plazetan errepikatuko dute, Erdi Aroko musikarekin eta dantzekin, Muthiko Alaiak elkartearen Erdi Aroko dantza-taldearen eta musika-taldearen eskutik. Iturengo Ioldunek eta gaita-joleek ere Urdazubiko karrikak animatuko dituzte, eta ehiza-erakusketak, zaldunen arteko txapelketak eta artisautzako salmenta-postuak ere egonen dira.

Arratsaldeko 6etan, koroatze-zeremoniaren parte-hartzaileek udaletxetik monasterioraino desfilatuko dute: armen erregea joanen da aurretik, heraldoekin eta argi-zuzi eramaileekin, eta haiekin batera joanen dira ezkutariak, dantzariak eta musikariak, zaldunak eta damak (garaiko arropekin), gaita-joleak eta musika-taldea ere bai (abesbatza, Erdi Aroko gaiak interpretatuz). Gibeletik, herrietako eta hiribilduetako ordezkariak, aitoren seme-alabak eta kleroa; Nafarroako Gorteetako hiru besoak.

Vianako printzeak eta Nafarroako Blanca andreak eskolta emanen diote Fabako errege izanen denari, eta haien aitzinetik joanen dira morroiak, errege-ikurrekin: koroa, kapa, aginte-makila, eta Iruñeko apezpikuaren alba, Fabako erregea olio santuekin igurzteko; eta, gorteiatze-desfileari amaiera emanez, Nafarroako erregea. Gortesauak, soldaduak, bufoiak eta heraldoak Erregearekin batera joango dira eta haren ezkutua eramango dute. Salbatore elizan Fabako erregearen koroatze-zeremonia eginen da 19:00etan, eta Nafarroako erresumaren koroatze-errituaren beraren arabera, erregeak berak jarriko du koroa, Foruak eta herriaren askatasunak mantenduko eta defendatuko dituela zin egin eta gero, apezpikuak hala eskatuta. Zeremoniari akitzeko, erregea ezkutuaren gainean altxatuko dute, eta ohorezko aurreskua dantzatuko diote. Muthiko Alaiak elkarteko dantzariek karriketan dantzan segituko dute. Gero, Erdi Aroko afaria eginen da.

 

Berreskuratutako ohitura

Ignacio Baleztena jaunak berreskuratu zuen Fabako erregearen jaialdia XX. mendeko hogeigarren hamarkadan gutxi gorabehera, eta lagunartean ospatu zuten 1964ra arte, Muthiko Alaiak elkarteak Nafarroako herrietatik modu ibiltarian eramatea erabaki zuen arte, tradizio zahar eta interesgarri hau ezagutzera emateko helburuarekin. Harrezkero, berrogeita hamar errege baino gehiago koroatu dituzte Nafarroa osoan. Urdazubiko Jokin Etchart izango da dinastia luze eta zahar honi jarraipena emango diona.

Fabako erregearen jaialdia bizirik dagoen dokumentu historiko bat da, eta bertan, Nafarroako Erregeen koroatzea zehaztasun osoz irudikatzen dute, gordeta dauden agiriei jarraiki. Errituala koroatze batetik bestera asko aldatzen ez bada ere, Karlos III.a Noblearen koroatze-zeremonia jarraitzen da bereziki, José Yanguas y Miranda jaunaren Nafarroako Erresumaren Antzinatasunen Hiztegian luze aipatzen dena.

Ekitaldi horretan, halaber, Nafarroako Errege Gordearen ohitura irudikatzen dute; horren arabera, Errege-egunean eskeko haur-talde bat biltzen zuten Erregeak zeuden tokian, orokorrean Oliteko Alkazarrean, baina baita beste toki batzuetan ere, eta zegokion pastel-zatian baba aurkitzen zuena izaten zen hautatua. Zorionekoa jantzi aberatsekin janzten zuten, koroatu eta ezkutuaren gainean altxatu, Nafarroako Erregeen koroatze-erritualaren arabera, eta Erregeek eurek losintxatzen zuten. Antza denez erromatarren saturnaletatik datorren ohitura hau Tibalt I. dinastiak sartu zuen Nafarroan, eta errege legitimoak handik bota eta Nafarroaren independentzia ekarri zuen inbasiora arte mantendu zuten.

Horrek hirugarren ezaugarrira garamatza, hots, Nafarroako nortasunaren aldarrikapenera eta oroitzapenera. Nortasuna ezagutzaren bidez bakarrik manten daiteke. Talde-nortasunak ahul daitezke, eta desagertu ere bai, mantentzen eta ezagutzera ematen ez badira. Historiak nortasun juridikoa zeukan Nafarroaz hitz egiten digu, Europako erresumen artean ezaguna zena. Horrek guztiak harrotasunez betetzen gaitu, baina baita malenkoniaz ere, nortasun hori mantentzeko lan egitera animatzen gaituelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun