2015ko Fabaren errege-erreginaren aukeraketa egin zuten abenduaren 13an Urdazubiko Gauiñara elkartean. 10 urtetik 12 urte bitarteko herriko hamar-neska-mutikoen artean egin zuten aukeraketa eta Axulargaineko Jokin Etxart-i suertatu zitzaion urtarrilaren 10eko ekitaldian errege eginen duen baba.
Axulargainekoarekin batera, Aritzaldeko Lorena Arozarena, Azkainttikiko Aitor Elizalde, Donpedroneko Janire Agerre, Erramuondoko Zuhaitz Bazterrika, Nikolaureneko Leire Gomez, Oihanondoko Oihana Parisis, Olaberriko Maialen Jaurena, eta Txarrantxetako Enara Ariztia eta Laida Ariztia izan ziren hautagaiak, baina ez zuten halako suerterik izan.
Larunbateko ekitaldia Urdazubiko alkatearen ongietorriarekin eta Muthiko Alaiak elkarteko kide baten agurrarekin hasi zen. Segidan Armen Errege papera egiten duen Fernando Hualdek besta honen esanahia zuen eta bereziki hautaketaren unearena. Festaren momentu ezberdinen irudiak ikusi zituzten bideo batean eta segidan erroskoa zatitu zuten. Jokin Etxart-i suertatu zitzaion erregearen baba.
Herriko bizilagun eta umeak ospakizunaren pausu guztiak ezagun dezaten dokumentazioa eta komiki bat ere banatu zuten beraien artean.
Mende erdia da Iruñeako Muthiko Alaiak elkarteak Nafarroako erregeen tradizioko Fabako errege ibiltari festa ospatzen duela Nafarroako herrietan. Datorren urtarrilaren 10ean Urdazubik hartuko du festa hau. Ospakizun honen mementu garrantzitsuena, Fabaren errege erreginaren koroatzea da.