Domini saindu eguna aitzaki dela eta, egun horretan lore-parkeak ematen dute gure kanposainduak. Baina ez da beti hala izan: gure aitatxi-amatxien aitzinekoek (duela 160 bat urte arte) eliza barnean edo elizaren inguruan lurperatzen zituzten beren difuntuak. Toki eskasa zen, heriotzak gaur egun baino gehiago izaten ziren, eta horrek tamalez arazoak sortzen omen zituen (usain txarrak, eta batzuetan eritasuen helderioak ere).
Hori zela eta, XVIII mende hondarrean agindu zen enterramenduak herritik kanpo egin behar zirela (toki airos eta ur filtraziorik gabekotan), baina diotenez, jendea ez zen batere horren alde, eta denbora luzez kasurik egin gabe segitu zuten (Ziburen, protesta gisan, familia batzuk beren etxe inguruan enterratu omen zituzten beren difuntuak). Badirudi, 1850 urte inguruan ia gaur egun ezagutzen ditugun kanposantuak egiten hasi zirela.
Gure herrian, elizargietetan (eliza inguruan) dauden harrizko sepultura zahar batzuetan 1743 (Narkonekoa) eta 1748 (Katalenekoa) urteak ikusten dire, baina ez dakigu xuxen gaur egungo kanposantuan noiztik lurperatzen ari garen gure hilak; agertzen den fetxa zaharrena 1860 da (Iturriakoa).