2015ko urtarrilaren 10ean Fabaren errege erreginaren koroatzearen zeremonia Urdazubin ospatuko dela jakinarazi dute Udalak eta Muthiko Alaiak elkarteak. Mende erdia da Iruñeko Muthiko Alaiak elkarteak Nafarroako erregeen tradizioko Fabako errege ibiltari festa ospatzen dutela Nafarroako herrietan. 2015. urtean festaren 52. edizioa ospatuko da Urdazubin. Aitzinetik, abenduaren 13an, tradizioak dioen bezala, errege pasteletik baba ateratzen duen haurra izanen da irabazle eta segidan haur hori Fabaren errege edo erregina izendatuko dute.
Eguberrietan Erdi Aroko festa honen inguruan ekintza ezberdinak ospatuko dira, hitzaldiak, erakusketak… Azkenik urtarrilaren 10ean bereziki Urdazubiko karriketan goizetik eta egun osoz ekintzak ikusi izanen dira, koroatzen momentura iritsi baino lehen. Koroatzea, Nafarroako errege-erreginena izaten zenaren antzekoa izaten da.