Aroztegi zaharrean burniaren interpretazio gunea egitea proposatu du

Iñigo IMAZ 2014ko azaroaren 13a

Aroztegi zaharra moldatzeko proiektua lantzen ari dira. Iñigo IMAZ

Solairu bat gehituko zaio eta turismo bulegoa, denda eta gela bat aurreikusten ditu proiektuak

Urriko udal batzarrean tentsio uneak bizitu ziren Azkar taldeko Santiago Villares alkatearen eta Urtxume taldeko bozeramailea den Andres Diharasarriren artean, gai ezberdinak tratatzerakoan. Bertzeak ber­tze, urriaren 31ko bilkuran Aroztegi zaharrean He­rriko Etxeak egin nahi dituen obren berri eman zuen alkateak. Aroz­tegiari solairu bat ge­hituko omen zaio. Proiektuan aurreikusten diren espazioak turismo bulegoa, denda eta balioanitzeko gela dira, baina Azkar taldeko Juan Jose Suhas zinegotziak bertan haurtzaindegi bat jar­tzea proposatu zuen.  Urtxu­meko bozeramaileak eraikinaren jato­rrizko egitura errespetatu, txukundu eta kon­pon­tzea eskatu zuen. 

Andres Diharasarriren ustez, ez du zen­tzu­rik urtero Burniaren Eguna ospatzeak eta gero be­rezko bur­ni­olaren az­tarnak ez babesteak. Ur­txu­mekoen iritziz, bertan burnigintzarekin loturiko lanbideen interpretazio zentro bat sor­tzea proiektu interesga­rria izan daiteke.

Aroztegiaren atzeko belaian zer egiteko asmoa zegoen ere galdetu zuen oposizioak. Alkateak bertan martxan jarri den «animaleria, gauza polita dela uste dut» erantzun zuen, nahiz eta bigarren urtez udan publikoari itxita egon den espazio hori. Alkatearen hitzetan, orain­goan bai, baimen guztiak omen dituzte lanean aritzeko.

Aroztegian eginen diren obren proiektuaren esleipena zuzenean eginen da. Udalak hiru enpresari eskatuko die beren proposamenak aurkeztu ditzaten. Kostua 365.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute udal arkitektuek, azken urteotan herrian egin den obra publi­ko garrantzitsuena. Az­kar taldeko lau zinegotzi­ek baiezkoa eman zioten proiektuari eta Ur­txu­meko biak abstenitu. 

BERTZE ERABAKIAK

Guraso elkarteak urtero eskatu ohi duen 500 euroko diru laguntzari baiezkoa eman zitzaion. Udal eraikinak, errota, klaustroa, aterpetxea eta museoa desinfektatuko dira. Zubiondoko me­ren­dero azpitik doan saneamendu tutua moldatuko dute, eta Montxo­tik Koxkara doan errekan kon­ponketak egitea onartu zen. Herrian EITB hartzeko mozioa onartu zen. Ur horniketa moder­nizatzeko deposito be­rriak milloi bat eurotik gorako kostua izanen du eta Europako diru lagun­tzak bila­tzen saiatuko da Udala, Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun