Herriko ondarearen aldeko ekimenekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen SOS Alkerdi Plataformak gan den 17an egindako batzarrean. Gaztain erre besta ospatuko dute urriaren 31n frontoian, ortziral arratsaldeko 7etan. Horretarako, herritarrei deia luzatu zaie, inguruko mendietan dauden gaztainak jaso eta 31n egingo den festan erretzera joateko.
IRAILAREN 26KO UDAL BATZARRA
Herriko Etxean elkartu ziren Azkar eta Urtxumeko zinegotziak eta SOS Alkerdiko ordezkariak. Hainbat herritar ere gerturatu ziren udal batzarrera.
Hasteko Cederna-Garaur elkartean parte hartzeko 2015 urteko kuota proposamenak aztertu ziren. Bertzalde, Rafael Moral jaunak Arretxea Bentari emaniko obra lizentziaren kontra jarri duen auziaren berri eman zuen Alkateak hirugarren puntuan; aldiz, seigarren puntuan, Arretxea eraikitzen ari den gune komertzial berriaren obrak gelditzeko epaitegietan aurkeztua den helegiteari emandako erantzunean, Alkateak Herriko Etxeko arduradunen kontrako salaketa bati buruzko informazioa irakurri zuen. Minduta daude udal agintariak, izan ere Herriko Etxeak Arretxeari saldu zion udal lursail baten ondorioz, «kereila kriminala jarri digute, Idazkariaren sinadura dela eta, agirien faltsutasuna» egotziz Udalari.
Laugarren eta bosgarren puntuak, alkatearen hitzetan, «pozgarriak dira guretzako». Izan ere, laugarren puntuari dagokionean, Nafarroako Administrazio Auzitegian Urtxumeren aldeko epaia, Apaleneako obrei emandako lizentziaren gainean, bertan behera utzi du Kontenziosoaren epaitegiak. Eta bosgarrenean, berriz, Venta Peiori jarritako 60.000 euroko isunaren kontrako errekurtsoa bertan behera geratu baita.