Joan den uztailaren 15ean Urdazubiko harrobian izandako leherketak ezinegona sortu du herritarren artean. Harrobi inguruko leizeetan nabaritu ziren leherketaren ondorioak eta horrekin herriko ondare arkeologikoa kolokan ikusi dute aunitzek. SOS Alkerdi Plataforma ere sortu dute ondare horren defentsan, eta 2013tik harrobian erabiltzen duten ustiapen metodo berria alde batera uzteko eskatzen dute.
Eztabaida bizi-bizi dago. Hautsak harrotu ditu uztailaren 15ean Marmoles del Baztan enpresak kudeatzen duen Urdazubiko Alkerdi auzoko harrobian izandako leherketak. Eztanda haundia eragin zuen leherketa hark, herritarren eta Urdazubin zeuden bisitarien artean ikara sortu eta harrobi inguruko leizeetan ondorioak uzteraino. Geroztik hiru hilabete pasatu badira ere, egoera ez da baretu. Urdazubiarren artean kezka eta haserrea piztu ditu gertatuak eta SOS Alkerdi Plataforma ere sortu dute herriko ondare arkeologikoa defendatzeko. Ez dute harrobia ixteko eskatzen, 2013az geroztik enpresak erabiltzen duen ustiapen metodo berria bertan behera uzteko baizik. 20 laguneko lantaldea osatu dute, 130 herritarretik goitik atxikimendua adierazi diote eta bertze 3.000 lagunek sinatu dute Plataformaren manifestua.
1965. urteaz geroztik ari da Marmoles del Baztan enpresa Urdazubin lanean eta urte batzuez itxita egon ondotik, 2013 hondarrean hasi zen berriz lanean, ustiapen metodo berriarekin. Uztailaren 15eko hartan 2.000 kilo lehergai erabili zituen eta Santiago Villares Urdazubiko alkatearentzat «guztiz gehiegizkoa» izan zen, «are gehiago, leizeen eta etxeen hurbiltasuna kontuan hartuz». SOS Alkerdi Plataformako Iñigo Imaz eta Patxi Iriarte ere iritzi berekoak dira eta enpresak araudia «urratu» zuela diote.
Legedia bera ere eztabaida-iturri da. 2013an Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak enpresaren proiektu berria onartu zuenean, 30 urterako luzapena emateaz gain, 3.000 kilo lehergai erabiliz leherketak egiteko baimena eman zion. Aldi berean, ordea, bertze lege batzuek debekua aipatzen dute: Urdazubiko Udal Hirigintza Planaren eta Vianako Printzearen legediaren arabera, leizeetatik 500 metroko perimetroan ezin da bi kilo lehergai baino gehiago erabili eta 50 metroko mugan ezin da harrobiaren aitzinalderik egon. Horrez gain, Alkerdi leizeak nazio mailako ondare izendapena du.
Horiek aintzat hartuz, Nafarroako Gobernuko Industria, Energia eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak harrobia zulatzeko eta lehertzeko lanak aldi batez geldiarazteko agindua eman zuen joan den abuztuaren 14an, «inguruko ondare arkeologikoa mantenduko dela bermatzen duen bertze proiektu batekin jarrai daitekeen aztertzeko». Baina «Gobernuaren erabakia ez dela nahikoa» uste dute Imazek eta Iriartek: «gainera, behin behineko erabakia izan da eta ez ditu leherketak alboratzen».
Santiago Villares alkatearentzat, ordea, Gobernuaren erabakia «eraginkorra eta egokia da. Nahiz eta behin behinekoa izan, enpresari proiektu berria aurkezteko eskatu zaio, eta dagokion departamentuek onartua izan beharko du, baita Urdazubiko Udalak ere». Gaineratu digunez, «espero dut txosten horiek eta Udalarena, nik neronek, Udalak eta herritarrok nahi eta exijitzen dugunarekin bat etortzea. Hortaz, uste eta espero dut gerora gelditzea behin betikoa izan daitekeela».
Urdazubiko Udalak enpresaren kontrako salaketa aurkezteko asmoa ere ez du baztertua. Irailean udal teknikariekin «behin baino gehiagotan» bildu dela kontatu digu alkateak: «zehatz mehatz zein arau eta zein neurritan urratu diren aztertzeko. Guztiarekin seguru gaudenean eta behar diren txosten guztiak eskura ditugunean, zigor prozedura egokia abiatuko dugu».
Udalaren jarreraren inguruan, Plataformako Imaz eta Iriarte ere mintzatu dira: «alkateak gure aldeko hitzak izan ditu, guk defendatzen duguna bere eginez. Baina ez ditu esku artean dituen tresna guztiak erabili nahi ustiapen proiektu berria geldiarazteko. Hitzetatik ekintzetara pasa dadila eskatu nahi diogu». Herritarrak «umezurtz» sentitzen direla diote: «ez dute behar duten jarrera mantentzen».
Marmoles del Baztan enpresak, bere aldetik, ez du gaiaren inguruan adierazpenik egin nahi izan, baina alkatearen irudiko, enpresak udal araudia urratu du: «enpresak baimen guztiak dituela erran badu ere, 2003ko Udal baimenaren arabera, gisa horretako leherketak egiteko eta harrobia ustiatu nahi duten bezala egiteko Udalaren baimenik ez du».
Plataformako kideen arabera, berriz, enpresak «hiru planotan» egin ditu arau-hausteak. Alde batetik, «legedian bi kilotik goitiko leherketak egitea galerazia dagoela» oroitarazi dute. Horrez gain, 2013ko urriaz geroztik enpresa erabiltzen ari den leherketa metodo berriaren harira erran dute «ingurumen arloan, harrobian erabiltzen duten metodo honek ez duela ingurumen inpaktua aztertzen duen proiekturik». Eta akitzeko, «Ondarearen Legea hausten duela» adierazi dute, «ez baitu bertan ezarritako babeserako baldintzarik betetzen». Horregatik eskatzen dute «leizeak babestea, horretarako enpresari 30 urteko luzapena ezartzen dion proiektua bertan behera utziz, eta hortaz aparte, ondare kulturalari eginiko kalteen arduradunei dagozkien isunak ezartzea».
KALTEAK
Alkateak dio Zelaieta III-ko sarrerak izan dituela harrobiko leherketaren ondorioak: «sarrera ireki da, baina ez dirudi barrenekoa kaltetua izan denik. Inguruko gainerako leizeetan itxuraz ez da kalterik izan». Villaresentzat «okerrena, herrian eta turisten artean sortutako molestia eta nahastea izan dira eta horrek sortu duen alarma, aipatutako leizean sortutako kalteaz ahaztu gabe».
Iriartek eta Imazek datu gehiago eman dituzte: «Zelaieta II desagertua dela uste dugu. Zelaieta III-k, aldiz, kalte nabarmenak izan ditu, sarrera erori baita. Ikaburua, Alkerdi eta Berroberriko leizeetan leherketek eragin nabarmena dutela uste dugu. Baina erakundeen aldetik ez dugu interes gehiegirik antzeman orain arte».
Alkateak, baina, garbi utzi nahi izan du bere jarrera gertatu denaren «guztiz kontrakoa» dela: «leherketa eta ustiatzeko sistema hori gaitzesten ditut». Hala, «Urdazubin berriz ere halakorik gerta ez dadin, nire esku dagoen guztia eginen dut, orain arte egin dudan bezala, baita leherketa aitzinetik ere».
IBILBIDEA
«Bide instituzionalak agortutakoan, herri mobilizazioari ekinen diogu, eta azkenik, bide legalari»
Patxi IRIARTE, Iñigo IMAZ (SOS Alkerdi Plataforma)
SALAKETA
«Guztiarekin seguru gaudenean eta behar diren txosten guztiak eskura ditugunean, zigor prozedura egokia abiatuko dugu»
Santiago VILLARES (Urdazubiko alkatea)
HEMENDIK AITZINERAKOA
Harrobia leize ondoan kokatzea «basakeriatzat» jo dute Plataformako kideek: «ez dugu ulertzen nola litekeen ondare kultural baliotsu horren alboan, herriari inolako onurarik ekartzen ez dion harrobi bat baimentzea». Ez dute geldirik egoteko asmorik eta SOS Alkerdiko kideek argitu digutenez, «bide instituzionalak agortu bezain pronto, herri mobilizazioari ekinen diogu, eta azkenik, bide legalari». Helburu horrekin, «Euskal Herriko bertze lekuetatik datorren laguntza oro eskertuko genukeela» ere azaldu dute Iriartek eta Imazek, «Urdazubi herri ttikia baita».
ONDARE ARKEOLOGIKOA