Zortzi zugarramurdiarri isunak jarri dizkiete 'legez kanpoko elkarretaratzeagatik'

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 30a

Gertatutakoa azaltzeko eta egoera salatzeko agerraldia egin zuten zugarramurdiarrek gan den ortziralean. Utzitako argazkia

Ikurren inposaketaren kontrako pankarta baten gibelean paratu ziren otsailean

Zugarramurdiko zortzi bizilaguni 450na euroko isunak ailegatu zaizkie, «legez kanpoko elgarretaratze bateko antolatzaile eta bultzatzaile nagusiak» direlakoan. Gan den ortziralean agerraldia egin zuten Zugarramurdin, gertatutakoa azaltzeko eta egoera salatzeko. Otsailean, Atxuria mendi taldearen 15. Urteurreneko mendi martxaren ondotik “Ikur inposaketarik ez” zioen pankartaren gibelean jarri zirela onartu dute, «nihori trabarik egin gabe, besta giroan eta aperitifa hartzen».

Zugarramurdiko zortzi bizilaguni 450na euroko isunak ailegatu zaizkie, «legez kanpoko elgarretaratze bateko antolatzaile eta bultzatzaile nagusiak» direlakoan. Gan den ortziralean agerraldia egin zuten Zugarramurdin, gertatutakoa azaltzeko eta egoera salatzeko. Otsailean, Atxuria mendi taldearen 15. Urteurreneko mendi martxaren ondotik “Ikur inposaketarik ez” zioen pankartaren gibelean jarri zirela onartu dute, «nihori trabarik egin gabe, besta giroan eta aperitifa hartzen».

Irailaren 26an egindako agerraldian aipatu zutenez, «otsaila alde hortan gure herriko Herriko Etxean sekulan izan ez diren banderak paratzerat behartu zuten Herriko Etxea (inposaturik, eta lehenagotik Herriko etxea salatuta emanak ez zituelakotz). Herritarrak inposaketa horrekin ados ez izakita, protesta gisa, ondoko asteburuan (orduan ibiltzen baita jende gehien gure herrian barna) herriko plazan pankarta bat zintzilikatu zen: "Ikur inposaketarik ez". Ez zuen luzaz iraun, gau hortan berean desagertu baitzen».

Ondoko asteburuko iganderako, otsailaren 23rako; herriko Atxuria mendi taldeak besta antolatua zuen: 15. urteurrena eta 3000 km.ak ospatzeko. «Mendi martxa egin ginuen goizean, –diote zugarramurdiarrek– gero herriko museoan mendi taldearen argazki erakusketa inauguratu zen, eta handik plazarat aperitifa egiterat abiatu ginen».

Berriz ere pankarta zintzilikatu zuten, «bainan han plazan aperitifan ginen bizkitartean zabaldu ginuen. Modu natural batean eta nihori trabarik egin gabe. Besta giroa zen, jendea kantuz, dantzan, kalakan eta aperitifa hartzen». Handik guttirat guardia zibilen patrol bat agertu zen eta beraienganat hurbildu ziren, «ea baimenik ginuenez (gu harriturik: zertarako? gure herriko plazan egoteko?) eta norek antolatzen zuen galdetu ziguten (zer?!), eta guk, ba nihorek konkretuki, herriko zerbait zela; eta jendeari karnetak, dokumentazioa, eskatzen hasi ziren».

Jende multzo haundia zen, pankarta, herritarrak, haurrak eta adinekoak tarte, mendi martxakoak, terrazan aperitifan ziren herritar zein kanpotar; trikitixa eta atabalarekin kantuz eta dantzan aritu ziren besta giroan guardia zibilak beraien tartean apunteak hartzen ari ziren bizkitartean. Ixtanpat egon ziren, gero pankarta herriko plazan zintzilikatu zen, eta gehienak bazkaltzerat gan ziren mendi taldeak antolatua zuen bazkarirat.

Buruilaren 18 eta 19an, egun hortan han ziren 8 lagunei isun bat ailegatu zitzaien, bakoitzari 450 eurokoa, legez kanpoko elgarretaratze bateko antolatzaile eta bultzatzaile nagusiak direlakoan. Agerraldian jakinarazi zutenez, «ez zen nihongo manifestaldi edo elgarretaratze deialdirik izan. Gauza normala da gure herrian igandetan jendea plazan biltzea aperitifa hartzerat. Usaian baino gehiago biltzen gara eguraldi ederra ari duelarik; eta aise gehiago besta zerbait baldin bada».

Eta normala iduritzen zaie ere, herriari inposatu zaion zerbaiten aintzinean bere iritzia agertzea. «Han ez zen oihurik, manera txarrik edo irainketarik izan gure aldetik. Han kantu, dantza, solasa eta umore ona izan zen. Gaur egun, delitua omen da 20 lagun baino gehiago biltzea Gobernuaren baimenik gabe. Orai jakin dugu. Berriz ere, duela 400 urte gure herrian egiten zen bezala; gauaz eta gordezka ibili beharko dugu» aipatuz akitu zuten agerraldia zugarramurdiarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun