Ondare kulturala babesteko eta Alkerdiko harrobiak Urdazubiko lezeetan eragindako kalteak salatzeko, SOS Alkerdi Plataformak Xareta Ibilaldia ekimena antolatu du irailaren 28rako. Txangoa plazatik aterako da igandean 00:07etan, baina egun osoan mugarri ezberdinak antolatu dituzte, bakoitzak nahi duen edo ahal duenaren arabera parte har dezan. Mugarri horietan bilduko dira ibilaldian parte hartzen dutenak eta bertatik kotxe zerbitzua ere antolatu dute, parte-hartzaileak beren kotxeetara bueltan eramateko. Mugarriak Ainhoan (08:30ean), Senpereko Oihanean (09:15), Sarako Plazan (11:15), Sarako lezeetan (13:15) eta Zugarramurdiko frontoian (14:15) aurreikusi dituzte. Azken honetan, ordubeteko tartea eskainiko da, bakoitzak bere ogitartekoa dasta dezan. Taberna jarriko da frontoian edariak saltzeko. Hortik, 15:15 aldera Urdazubirako bidea hartuko dute, Alkerdiko leze ondotik pasatuz, Urdazubiko plazara 17:15 inguru ailegatzeko. Bertan mintzaldia, ostatua (ogitartekoak eta edariarekin) eta musika izanen dute. 18:00etatik 20:00etara, taxi zerbitzua izanen da, Xaretako mugarri guztietara, parte-hartzaile guztientzat, bakoitza bere autora iristeko.
Informazio gehiago nahi duenak telefono hauetara dei dezake: 0034 620486629 (Hegoaldea) edo 0033 625740211 (Iparraldea) edota sos.alkerdimail.com helbide elektronikora idatziz.
PARLAMENTUAN
Bertzalde, irailaren 25ean SOS Alkerdi Plataformak Foru Parlamentuko Mahaiak gonbidatuta, lan bilera bat izanen du Parlamentuko talde guztiekin nahiz prentsarekin. Bilera 10:00etan izanen da, eta Plataformako bozeramaileek Alkerdiko lezeek jasandako erasoaz informazioa emanen diete parlamentariei eta Urdazubiko lezeen alde sinatu duten milaka pertsonen aldarria ezagutzera eman ahal izanendute.