Uztailaren 15ean Marmoles Baztan enpresak ustiatzen duen Alkerdiko harrobian lehertarazitako 2.000 dinamita kiloek urdazubiarren kezka eta haserrea piztu dituzte.
Alkerdiko kobazuloek balio arkeologiko nabarmena dute. Berroberria-Alkerdiko haitzuloetako grabatuen babesa lehenesteko interes kulturaleko ondasun izaera eman zitzaion guneari 1985eko ekainaren 25ean onarturiko 16/1985 Ondare Historiko Artiskoaren Legearen bidez. Bertan biltzen da marmolaren ustiapena egiterakoan Alkerdi eta Berroberriako lezeen babesa bermatu beharko dela. Azken leherketek herriko ondarearen etorkizuna zalantzan jartzen dutela uste dute urdazubiarrek.
Uztailaren 18an ez-ohiko batzarra egin zuten eta bertan Santiago Villares alkateak azaldu zuen Herriko Etxeak ez zekiela ezer harrobiaren ustiaketari buruz, eta udal lizentzia berririk ez zitzaiela eman. Bere hitzetan «beti egon dira leherketak harrobian, eta berdintsu jarraituko zutela uste genuen. Duela bi edo hiru hilabete jakin genuen ustiapen sistema berri bat erabiltzeko asmoa zutela». Izan ere, orain arte 2 kilo dinamita erabiltzen ziren, eta sekula ez lezetatik 500 metro baino guttiagora, uztailaren 15ean ordea, 2.000 inguru erabili ziren eta 120 metro baino guttiagora egin zituzten leherketak. Alkatearen ustez, «herriak ez du inolako onurarik eskuratuko ustiapen honekin, haatik, turismoa kaltetuko du».
SOS ALKERDI PLATAFORMA SORTU DA
Egoera honi aurre egiteko asmotan, SOS Alkerdi plataforma sortu dute. Dagoeneko 130 herritarrek eman dute izena taldeko kide izateko eta herriko ostatu, denda, eta gune turistikoetan Urdazubiko ondare kulturala babestearen aldeko 2.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Manifestu bat ere idatzi dute eta bertan adierazi dute zein den euren helburua «Urdazubiko ondare kulturala eta ingurugiroa babestea, baita urdazubiarren bizimodua ere. Marmoles Baztan enpresak ustiatzen duen harrobian erabiltzen dituen ateratze metodoekin arriskuan jarriak direnak».
Kezka ere adierazi zuten «udal hirigintza araudietan onarturikoak baino lehergailu karga handiagoak erabili direlako». Inguruetako auzotarren egunerokoan ere inpaktu aski ezkorra eragiten duela diote, «herritarren osasunari kalte eginez, ongizatea eta bizitza soziala eta ekonomikoa arriskuan jarriz, turismoari, merkataritzari eta lehen sektoreari kalte eginez». Horregatik harrobiko lanak bertan behera uztea eskatzen dute. Administrazio ezberdinetan hainbat instantzia aurkeztu dituzte eta Udalari eta Nafarroako Gobernuari proiektua gelditzeko urratsak emateko eskatu diote.
SOS ALKERDIREN
ESKARI NAGUSIAK
• Alkerdi, Berroberria eta Zelaieta lezeak arriskuan jartzen dituzten harrobi lanak geldiaraztea.
• Inplikatuta dauden administrazioei leze hauek babesteko irtenbideak bilatzea Europako, Estatuko eta Foru eta Udal araudiak betearaziz.