Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 9an. Zazpigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen.
Izan ere, garai batean, XIX. mende hasiera arte edo, Bizkaiko meatzeetatik Monasteriora eramaten zuten, eta abadeari ematen zitzaion, urrezko moneta batzuen truke. Goizetik artisautza azoka izan zen herriko plazan, 35 bat eskulangilerekin eta ttikienek ere izan zuten puzgarrietan eta itsasontzietan ibiltzeko aukera. Goizean forja erakusketa ere ikusgai izan zen Brun anaien eskutik.
Bizkaitik Donibane Lohizunera itsasontziz, Ziburutik Urdazubira Urdazubi errekan goiti eta Axular baserritik Urdazubira idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Bizkaiko benakeroek eta Salbatore monastegiko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. Handik buruzareetan eraman zuten burdina monjeek.
Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monastegiko abadearen antzezpena. Olagizonak, berriz, Zugarramurdiko Sansineko Javier Zubillaga eta Urdazubiko Martin Villares izan ziren; Jose Antonio Agirre, Juan Ramon Otheguy, Jose Luis Gomez, Juan Luis Sarratea eta Mikel Beola mojeak. Plazako antzezpenaren ondotik, Baztango Mutildantzariak taldeak dantza saioa egin zuen eta Marie Denise Marckert Elsok Urdazubiko monastegiaz eta mugaz solastu zuen, aitzinako testigantzen bidez.
Ondotik, zikiro jatea eskaini zen 400 bat lagunendako eta Demode Quartet Abesbatzak kantatu zuen.