Abuztuaren 8an, ortziral arratsaldeko 6etan Akelarre tierra izeneko txistu kontzertua eskainiko du Nafarroako Txistulari Elkarteak lezean. Kontzertuaz gain, narratzaile eta aktoreak ere izanen dira eta ondotik, bisita antzeztuan parte hartzeko aukera.
Mitoak, kondairak, sorginak eta lamiak dira gaietako batzuk eta eskainiko diren pieza batzuk kontzertu huntarako espreski eginak dira. Hauek joko dituzte: Guridiren Amaia operaren ezpata dantza, Maddi Amalurra (Jokin Lekunberri), Zugarramurdi 1610 (Iñigo Casaliren lan bat, non lezeaz, gauaren iluntasunaz eta kilkerren kantuaz hitz egiten den), Scape Symphony (David Johnstone eskoziarrarena) eta kontzertuari akabera emateko, Pablo Sorozabalen Gernikako hileta-martxa joko dute.
Alex Ruiz Pastor da ekitaldiko eszena-zuzendaria, eta Raul Madinabeitia musika zuzendaria. Txistulariekin batera, Leire Ruiz aktorea, Zugarramurdiko Sorgin Haizeak taldea, Jose Antonio Pascual organojolea, David Johnstone, Iván Carmona eta Igor Saenz biolontxeloak, Salvador Tarazona eta Iñaki Cuenca perkusionistak eta Pegio Berasategi fagota ariko dira. Lezera sartzeko 4 euro ordaindu beharko da.
Kontzertuaren ondotik, 19:30ean “Ilargi betea, Sorginen larrea” bixita antzeztua eginen dute Zugarramurdin barna. 10 euro ordaindu beharko dute helduek eta 6 euro haurrek.