Gan den ortziralean, hilak 25, Urdazubiko herritarrek bigarren batzar bat ospatu zuten Alkerdiko harrobian gauzatzen ari diren lanen kontra. Bigarren batzar honetan berriro jende aunitz bildu zen Gauiñarra elkartearen egoitzan. Lehen batzarrean osatu zen lan taldeak proposamen zehatza aurkeztu zuen eta aurreko astean izandako kontaktuak eta lanak izan zituzten hizpide Aitor Ollo eta Patxi Iriarte urdazubitarren eskutik. Aurreko batzarrean gertatu bezala, 100 bat pertsona inguru bildu ziren herriko ondare kulturala eta ekologikoaren bizirautearen alde. Zugarramurdiko herritar batzuk ere hurbildu ziren.
SOS Alkerdi Plataformaren manifestua
Lehen batzarretik irten zen lan taldea 15 pertsonek osatua da eta bigarren batzarrean herritarren atxikimendua eskatu zuten SOS Alkerdi Plataforma sortzeko. Horretarako, Ollok eta Iriartek plataformaren aldeko manifestua irakurri zuten. Manifestua euskaraz, gazteleraz eta frantsesez idatzia da eta Xareta osatzen duten bertze herrietan aurkeztuko da, hots, Zugarramurdi, Sara eta Ainhoan.
SOS ALKERDI Plataformaren helburuen gainean, manifestuak dioenez Urdazubiko ondare kulturala eta ingurugiroa babesteko sortu da, baita urdazubitarren bizimodua ere, Marmoles Baztan enpresak ustiatzen duen harrobian erabiltzen dituen ateratze metodoekin arriskuan jarriak direnak: «Urdazubiko auzotarrak kezkatuak gaude udal hirigintza araudietan onarturikoak baino lehergailu karga handiagoak erabili direlako Alkerdiko harrobian”, dio manifestuak bere aldarrian, izan ere “Gure ustez, denen den ontasun kultural eta naturala kaltetzeaz aparte, inguruetako auzotarren eguneroko bizitzan inpaktu aski ezkorra eragiten duela, herritarren osasunari kalte eginez, urdazubitarren ongizatea eta bizitza soziala eta ekonomikoa arriskuan jarriz, turismoari, merkataritzari eta lehen sektoreari gaitz eginez», dio manifestuak.
SOS ALKERDI Plataformak bi helburu nagusi bilatzen ditu: batetik, Alkerdi, Berroberria eta Zelaieta (I, II eta III) lezeak arriskuan jartzen dituzten harria ateratze lanak burutzeko ibiltzen diren teknikak geldiaraztea; eta bertzetik, inplikatuta dauden administrazioei, aipaturiko lezeak babesteko irtenbideak bilatzea, horretarako indarrean dauden Europako, Estatuko, Foru eta Udal araudiak betearaziz. Uztailaren 21an, SOS Alkerdi Plataformako lan taldeak eskaria aurkeztu zuen Herriko Etxean, harrobiko ateratze lanetan legezkoak ez diren aktibitateak galerazteko, eta zehazki dinamitazko 2 kilotik gorako leherketak bertan behera uzteko.
Udalak egun berean eta ordu berean ez ohiko bilkura deitu zuen
Uztailaren 18an egin bezala, gan den ortziralean ere ez ohiko bilkura deitu zuen Herriko Etxeak. SOS Alkerdi Plataforma osatzeko deialdia astelehenean egin zen etxez etxe, eta Herriko Etxeak ortzegunean deitu zuen bere bilkura. Ordu berean biak ala biak. Gauiñarran bildutako herritarrek udal bilkura amaitu arte esperatu zuten, alkateak zituen berriak entzun eta batzarrean ezagutzeko.
Bilkuran Santiago Villares alkateak Herriko Etxeak Marmoles Baztan eta Nafarroako Gobernuarekin egindako bilerak eta gestioak azaldu zituen. Hain zuzen ere, herritarrek batzarrean eskatu bezala, atzenik Herriko Etxeak ontzat eman du udal hirigintza arauditik kanpoko ateratze lanak galeraztea. Horri, Principe de Viana erakundearen ebazpen bat erantsi dio Herriko Etxeak, araudiko 28. artikuluan harrobiei buruzko xehetasunak betearazteko Marmoles Baztan enpresari, batez ere leizeen babesari dagokion 3. puntuan. Horrela bada, Mehategiei buruzko legeak ez du herriko araudia baliogabetzen, Alkateak aurreko batzarrean kontrakoa adierazi arren.
Segidan herritarrei hitza eman zien Alkateak, eta Plataformaren bozeramaileek positiboki baloratu zuten alkatearen ebazpena eta geroago, batzarrean, udal gobernua zoriondu zuten. Hala ere, Udal bilkuran tentsio uneak bizitu ziren alkateak herritar bati hitza ukatu nahi izan zionean. Alkateak «badakizu zurekin ez dudala hitz egin nahi» eta «zuk esaten duzuna belarri batetik sartu eta bertzetik ateratzen zait» erantzun zuelarik, hainbat herritarrek bilkuratik atera eta batzarrera joatea erabaki zuten, tartean baten batek demokrazia eza salatzen zuelarik.