Gan den astean Alkerdi auzoko harrobian lehertarazi zituzten 2.000 dinamita kiloek beldurra eta haserrea eragin dute herritarren artean. Marmoles Baztan enpresak ustiatzen dituen harrobiko lanek herriko ondarearen etorkizuna zalantzan jartzen dutela uste dute urdazubiarrek. Bertara gerturatu diren herritarren arabera, gune horretako kobazuloetako batean behintzat, kalteak nabarmenak dira. Bestalde, Alkerdi eta Leorlaseko etxeek leherketaren ondorioz dardar egin zuten, eta zonaldean zeuden biztanle eta turistak ere izutu zituen leherketak.
Alkerdiko kobazuloek balio arkeologiko nabarmena dute eta auzotarrek salatu dute ezin dela jakin zein ondorio utzi ditzaketen etorkizunean harrobian eginen diren lanek. Izan ere, Herriko Etxean bildutakoen arabera, Marmoles Baztaneko ordezkariak adierazi die beren ustiapen baimenak 4.500 dinamita kilo lehertzeko ahalmena ematen diela.
Udalaren Plan orokorraren 28. artikuluaren bigarren puntuan jasotzen denez, Berroberria-Alkerdik gune espeleologikoan aurkitzen diren haitzuloetako grabatuen babesa lehenesteko interes kulturaleko ondasun izendatu zituzten 1985eko ekainaren 25ean, 16/1985 Ondare Historiko Artiskoaren Legearen bidez. Artikulu horretako hirugarren puntuak dio, marmolaren ustiapena egiterakoan Alkerdi eta Berroberriako lezeen babesa bermatu beharko dela.
Alkatearen hitzak
Uztailaren 18an arratsaldeko 8etan Herriko Etxean ez ohiko udal-bilkura deitu zuten, TTIPI-TTAPA aldizkariak ez zuen deialdirik jaso, baina tentsio momentuak bizi izan zirela diote bertaratu ziren hainbat herritarrek. Bilkura akituta, gaueko 9etan herriko Gauiñara elkartean batzarra deitu zuten herriko zenbait gaztek, bertan 100 pertsona inguru bildu ziren eta herriko ondarea babesteko plataforma bat sortzeko beharra aipatu zuten.
Batzarrean eztabaida gori gorian zegoenean, Alkatea agertu zen eta zekiena kontatu zezala eskatu zitzaion. Aurreko egunetan adierazitakoaren arabera, Herriko Etxeak ez omen zekien deus harrobiaren ustiaketari buruz, eta udal lizentziarik ez omen dute behar bertako lanei ekiteko. Bere hitzetan «beti egon dira leherketak harrobian, eta berdintxu jarraituko zutela uste genuen. Duela bi edo hiru hilabete jakin genuen ustiapen sistema berri bat erabiltzeko asmoa zutela». Orain arte 2 kilo dinamita erabiltzen zituzten eta leherketak ez zituzten leizetatik 500 metro baino gutxiagora egiten, gan den astean ordea, 2.000 inguru erabili zituzten eta 120 metro baino gutxiagora.
Santiago Villares alkateak uste du «herriak ez duela inolako onurarik eskuratuko ustiapen honekin, haatik, turismoa kaltetuko duela». Orain arte informazioa eskatzen ibili omen da udal gobernua, Ingurugiro sailari kontsulta egin zion Udalak, baita Industria eta Meatzaritza sailari, baina «gaur goizean jaso dugu dokumentazioa eta astelehenean bilduko gara gure abokatu eta ingeniari taldearekin eman beharreko pausuak aztertzeko». Akitzeko, Alkatearen arabera, ustiapen planaren kopiarik ez dute jaso Herriko Etxean, baina enpresako arduradunek «hitza eman didate ez dutela oraingoz leherketa gehiagorik egingo, uda amaitu bitartean, baina komeni da herrikoek prentsarekin ez hitz egitea, herriaren irudia ez zikintzeko».
Herritarren proposamenak
Herriko zenbaiten arabera, ekimen ezberdinak jarri beharko lirateke martxan: manifestazioak, sinadura bilketak, etabar. Herriko Etxea eta herritarren artean elkarlana ezin bestekoa dela iritzi zion batzarrean bildutako herritarren multzoak.
Herritar batek lizentzia munizipalik ba ote zeukaten galdetu zuen, izan ere bideak zabaldu dituzte harrobira kamioiak iritsi daitezen, eta Alkateak ezetz erantzun zion. Hala bada, aktibitatearen amaiera eta zigor-espedientea luzatzea proposatu zuen.
Bertze herritar batek Urdazubiko Hirigintza Plan Orokorra aipatu zuen. Horren arabera, ustiapenari buruzko zehaztapen batzuk ez ditu aintzakotzat hartu Marmoles Baztan enpresak, bertzeak bertze, bribrazio gutxien sortzen dituzten medioak erabiltzea, 2.000 kilo baino gehiagoko leherketarik ez eragitea, etabar. Egoera argitzen den bitartean alkatearen ebazpen baten beharra aipatu zuen, 2 kilo dinamita baina gehiagoko leherketak galeraziz. Alkateak proposamen guztiak aztertuko zituela erantzun zuen.